Next Euskadi
Aberri Eguna 2024

Prentsa Aretoa

2017/06/12

Bildarratz: “Aspalditik ari gara lanean Estatuko Gobernuak espetxe politika alda dezan; nahikoa da arrazoia eta legea erabiltzearekin”

Senatuko EAJko bozeramaileak demokrazian eta giza eskubideen errespetuan sakontzea eskatu du ETAren amaieraren osteko elkarbizitza arazoak gainditzeko.

rss Ezagutzera eman
Bildarratz: “Aspalditik ari gara lanean Estatuko Gobernuak espetxe politika alda dezan; nahikoa da arrazoia eta legea erabiltzearekin”

ARGAZKIA JAITSI

Jokin Bildarratzek Estatuko Gobernuak ETAko presoen aurka espetxe politikan ezarritako salbuespen neurriei amaiera eman diezaien urteotan EAJ betetzen ari den papera goraipatu du. “PPrekin lanean ari gara aurrerapauso positiboak eman ditzan konbentzitzeko; nahikoa da arrazoia eta legea erabiltzearekin”, adierazi du erakundeko 90 presok  alderdi jeltzalearen bitartekaritza eskatuz igorri dizkioten gutunen harira.

Gaur goizean Onda Vascari emandako elkarrizketan, Senatuko EAJko bozeramaileak jakinarazi du presoak Euskadira hurbiltzeko “ez da legea aldatu behar, legea hitzez hitz betetzea zein bere espiritua aplikatzea nahikoa da”. Honekin batera, presoak hurbiltzeak “presoa bera ez ezik, bere familiartekoak ere zigortzen duen egoerari amaiera ematea erraztuko luke; hausnarketa prozesuan dauden presoei lagunduko lieke ETAren disoluzioan; disoluzio horrek ere lagunduko luke… Bakoitzak gure arduratan zereginak ditugu, eta presoek hainbeste gauza dituzte egiteke”.

Bildarratzek jakinarazi duenez, “ez zen bilerarik egongo zeinetan Lehendakariak ez zion Rajoyri eskatuko espetxe politika honekin amai dezan”, baina ETAri ere bere erantzukizuna bere gain hartzea eskatu dio. “Min guzti hau gainditu beharra dugu,  eta horretarako demokrazian eta giza eskubideen errespetuan sakondu beharra dago; Espainiako Gobernuak sufrimendua besterik sortzen ez duen sakabanaketa politikarekin amaitu behar du, baina ezker abertzaleak eta presoek ere eragin duten min handia onartu behar dute”.

Mariano Rajoyren aurka bihar Kongresuan eztabaidatuko den zentsura mozioaren inguruan, senatariaren iritziz, Podemosek “PSOEri markaketa zuzena egiteko planteatu du; Alderdi Sozialistaren egutegia markatu nahi izan du hasieratik. Podemosek hainbesteko zaletasuna hartu dion komunikazio elementu bat besterik ez da”. Bildarratzek gogoratu duenez, alderdi morea izan zen “hasieran benetan Rajoy sostengatu zuena” PSOEri babesa eman ez zionean; “ez dugu ulertzen zergatik egin nahi duen orain orduan egin ezin izan zuena”.

EAJren ikuspegitik, Bildarratzek alderdi jeltzaleak herritarrek eskatzen duten egonkortasunaren alde lanean jarraituko duela adierazi du beste behin. “Edozein alderdik egiten duen edozein planteamendu entzuteko prest gaude, beti legez, baina ‘Euskal Agenda’ delakoak toki nabarmena izan dezala eta Euskadi edozein gobernu asmoren ardatza izan dadila eskatuko dugu. Dena dela, orain ez dut ikusten aukerarik zentsura mozio honek aurrera egin dezan”.

Next Euskadi
Ezagutu Gure Senatariak