Agiriak

rss Ezagutzera eman

Adierazpena

2018/03/08


Emakumeen Nazioarteko Eguna

Nazio Batuen Erakundeak 1975an erabaki zuen martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna izango zela. Egun honen kariaz, EAJ-PNVk aitortzen eta aldarrikatzen du emakume eta gizonen arteko berdintasuna -benetakoa eta eraginkorra- demokraziaren funtsezko balorea ez ezik  Euskadiren giza garapenerako eta garapen sozial eta ekonomikorako ezinbesteko faktorea ere dela.Genero desberdintasuna da, bere adierazpen ugarietan, XXI. mende honetan Gizateriak daukan erronkarik handienetakoa, handiena ez bada.


Gaur egun, desberdintasunak ehunka milioi gizakiren funtsezko eskubideak urratzen ditu, bidegabekeria sozial,kultural eta ekonomikoa betikotuz. Hori  guztia borrokatzeko, EAJ-PNVk eskubide guztien defentsa, pertsona guztien duintasuna, justizia soziala, elkartasuna eta gizarte inklusiboaren eraikuntza sustatzeko politikak bultzatzen ditu; herritar guztiok, bakoitzak gure sexu,arraza, jatorri edo erlijioarekin, bizitza duin eta zoriontsua izan dezagun, duintasunez eta baldintza berdinekin.

Euskadi aitzindaria izan da berdintasun politikak bultzatzeko orduan.  Eusko legebiltzarrak 2005ean onartu zuen Emakume eta Gizonen arteko Berdintasun Legea, Juan Jose Ibarretxe Lehendakari jeltzalearen agindupean. Lege hark aurrerakada handia egitea ahalbidetu zigun emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko bidean. Lege honen aplikazioari esker eman diren aurrera pausuak eredu eta pizgarri dira gaur, euskal herritar guztiok benetako berdintasun eraginkorrera iristeko falta zaigun bide luzea egin dezagun.

EAJ-PNVren konpromiso irmoa da berdintasuna eta identitatea bultzatzea, elkarbizitzarako proiektu finko bat eraikitzeko beharko ditugun zutabe gisa. Era berean egiten dugu esparru guztietan, bereziki lan esparruan, aukera berdintasunaren eta meritu eta errekonozimendu berdintzailearen aldeko apustu erabakigarri eta lagaezina. Uste osoa daukagu emakumeen ahalduntzean. Enpoderamendu honek pertsonala,kolektiboa eta soziala izan beharko du, eta soilik etorriko da bere autoestimuaren eta autonomiaren garapenetik, bere bizitza baldintzen hobekuntzatik eta bere parte hartze sozio-politikoa areagotzetik.

Horregatik guztiagatik,2018ko martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna delarik eta jabeturik emakume eta gizonen arteko berdintasunak gizarte gisa aurrera egiten, pertsonen autonomia hobetzen, berdinen arteko eta errespetuzko harremanak sustatzen lagunduko digula, EAJ-PNVk  hurrengo konpromiso hauek hartu ditu:

  • Emakume eta gizonen arteko berdintasuna -benetakoa eta eraginkorra-  lortzeko urratsak ematen jarraituko dugu, norabide horretan aurrera egitea ahalbidetuko digun balore aldaketa sustatuaz.
  • Esparru publikoan zein pribatuan gaur egun existitzen den soldata arrakala desagerrarazteko ahaleginak biderkatuko ditugu. Ez dago eta sekula ez da egon ez ziorik,arrazoirik ezta argudiorik ere, lan berdina eginda, emakume batek gizonak baino soldata baxuagoa jasotzea justifikatuko duenik.
  • Behar besteko aldaketak bultzatuko ditugu politikagintzan  agintzen duen ereduak  gizonezkoen botere eta lidergoan oinarrituta egoteari utz diezaion.
  • Hiritargoa berdintasunaren balio sozialaz eta bere inplikazioez kontzientziarazten jarraituko dugu, gizarte aurreratua  eraikitzera begira.
  • Botere publiko guztiek genero ikuspegia beren politika eta ekimenetan txerta dezatela sustatuko dugu, ekimen eta jarduera guztietan desberdintasunak ezabatzeko helburu orokorra ezar dezaten.
  • Bizitza pertsonala, familia bizitza eta lana uztartzea ahalbidetzeko ekimenak garatuko ditugu, ardurakidetasuna uztartze horretarako bide bakarra den heinean bultzatuz.
  • XXI. mende honetan ere emakumeek pairatzen jarraitzen duten indarkeria salatuko dugu. Indarkeria matxista baita genero desberdintasunaren adierazpenik bortitzena eta tragikoena.
  • EAJ-PNVko herri kargudunak eta barne kargudunak berdintasunean trebatzen jarraituko dugu.
  • 15 minutuko geldiuneak deitu eta egingo ditugu, gizartearen aurrean EAJ-PNVk 2018ko martxoaren 8ko aldarrikapenekin hartu duen konpromiso irmoa erakusteko, bereziki lan munduari dagokionez eta  esparru honetan ematen den desberdintasunaren adierazpenik bidegabe,insolidario eta kaltegarria salatzeko: soldata arrakala.
  • Hiritargo osoa deitu nahi dugu Martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Egunaren kariaz antolatu eta egingo diren ekitaldi eta jardueretan parte hartzera

Azkenik, Euskadiko emakume eta gizon guztiak gonbidatzen ditugu bihar arratsaldean, Sabin Etxean egingo dugun ate irekien jardunaldian parte hartzera. Biharko ekitaldian margolaritzak, antzerkiak eta dantzak bat egingo dute emakumeek arteari eta kulturari egin dioten ekarpen oparoa ikusarazteko.

EGILEA


Euzkadi Buru Batzar

Gure Egileak

Ezagutu Gure Senatariak