Gure Talde Parlamentarioa
M. Dolores Etxano Varela
Senatuan eskarmentu handia metatuta, María Dolores Etxano Varelak (Ondarroa, 1968) beste behin ere EAJ-PNV ordezkatuko du Goi Ganberan. Enpresa Zientzietan lizentziaduna, bere ibilbide profesionala enpresa pribatuan zein Administrazio Publikoan garatu du. Azken agintaldian, jeltzaleen bozeramailea izan da Berdintasun, Aurrekontu, Ogasun eta Kontuen Auzitegiarekiko Harremanetarako eta Senatuaren Genero Indarkeriaren aurkako Estrategiaren Txostenaren Jarraipenerako batzordeetan.
Feminista, herritarren bizitzarako mesedegarri eta lagungarri diren politika publikoen defendatzailea eta Euskadirekin konprometitua, bere Senatuko lanean nabarmendu behar da emakumeen aurkako indarkeria matxista desagerrarazteko Estatu Ituneko neurrien jarraipenean edo legegintzaldian lortutako aurrekontu-akordioen betetze-mailaren jarraipenean izan duen inplikazioa. Ondarrutarra goitik behera, bere herriko Udaleko zinegotzia ere bada, bertan hainbat urtetako esperientziarekin, alkateorde eta oposizioko EAJ-PNVko bozeramaile ere izan baita. Bere denbora librea familiaren, lagunen, irakurketaren eta zinemaren artean banatzen du, eta, ahal duen guztietan, korrika egitera edo ibiltzera ateratzen da, itsasoa eta mendia elkartzen diren Ondarroako paisaiaz gozatzeko.