Prentsa Aretoa
2016/10/24
Bildarratz: “Euskal agenda garatzeko eta euskal herritarren onerako den guztia adostuko dugu”
Senatuko EAJren bozeramailearen iritziz, PPk osatuko duen Gobernuak “aurreikusten den baino legegintzaldi luzeagoa izango du”; “PSOEk bere zauriak osatzeko beharko duen denboraren arabera” luzatuko da.
Iragarritakoaren arabera, Mariano Rajoy Estatuko Gobernuko presidente hautatuko dutela aurreikusiz, Senatuko Euzko Abertzaleak Taldearen bozeramailea den Jokin Bildarratzek EAJk “Euskal agenda garatzeko eta euskal herritarren onerako den guztia adosteko” asmoa azaldu du. “Hor izango gara”, gaineratu du. Horrela erantzun du, gaur Onda Vasca irratian egindako elkarrizketan, alderdi jeltzaleak Rajoyk onartu behar izango dituen Estatuko Aurrekontu Orokorren onarpenean laguntzeko prest dagoen ala ez galdetu diotenean.
Bildarratzek jarrera aldaketa izan dezala errekeritu dio Alderdi Popularrari, “ez duelako erraz izango gobernatzea; horrela egin ahal izango du baldin eta proiektu bakoitza negoziatzeko gaitasuna badu. Alderdi desberdinen arteko geometria aldakorreko adostasunak lortzea ahalbidetu behar du”, Eusko Jaurlaritzaren jokabidea adibidetzat jarriz. Exekutibo ‘popularra’ laster iraungiko omen dela diotenen aurrean, Bildarratzek “aurreikusten den baino legegintzaldi luzeagoa izango” duela iritzi dio. “Nire ustez, PSOEk bere zauriak osatzeko eta etorkizunari begira estrategia argitzeko beharko duen denboraren arabera luzatuko da”.
Senatura mugatuz, bozeramaile jeltzalearen arabera, legegintzaldi honetan “Goi Ganberak gaur egun duen egoeran ezer gutxirako balio duela oraindik nabarmenago erakuts dezake edo, aitzitik, paper garrantzitsua joka dezake”. Azaldu duenez, PPren gehiengo osoak Lege Proiektuen gestioa atzeratu dezake, nahiz eta azken hitza gainontzeko indar politikoen aurrean gutxiengoan dagoen Kongresuak izango duen, edo “erabilgarria izan dakioke bera erreformatzen badu edo Kongresuan erakutsi beharko duen apaltasun berdina erakusten badu; eta gauza bada, behingoz, positiboan lan egiteko. Eskuzabala izan behar da Lege Proiektuei lehentasuna emanez, jendearen arazoak konpontzeari lehentasuna emanez; kultura hau txertatzen ez den bitartean gutxirako balioko du”.
Legebiltzarreko ordezkari moduan izendatutako senatari karguko indarraldia amaitzear dagoela, Bildarratzek ez du argitu bertan jarraituko duen ala ez, horretarako dauden epeek aurrera egin behar dutela ohartaraziz. “Lehenik eta behin, Jaurlaritza osatu behar da; ostean aztertuko dugu, bai familiarekin, bai alderdiarekin”. Gasteizko Gobernua osatzearen inguruan, senatariak Euskadiko eta Estatuko egoerak bereizi egin ditu, eta, onartu duenez, “une hauetan PSErekin ari gara gogotsu lanean, eta datorren astean EH Bildurekin egingo dugu, baina ez dirudi hauekin oso hurbil gaudenik”. Edonola ere, Bildarratzen iritziz, EAJri interesatzen zaiona “gobernu egonkorra da, herritarrei lasaitasuna emango diona, eta ekonomia aldetik delikatuak diren garaiei aurre egiten jakingo duena”.
Nabarmenak...
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/19
Senatua
2024/11/19
Berri ikusiagoak...
Bizkaia
2023/07/02
Senatua
2023/11/21
Senatua
2023/10/03
Senatua
2023/11/08
Senatua
2023/04/19