Alderdi Eguna 2026

Prentsa Aretoa

2026/09/29

EAJ-PNVk sektore publikoko zerbitzu-kontratuetan malgutasun handiagoa eskatu dio Ogasun ministroari, LGSren eta hitzarmen kolektiboen soldata-igoerei aurre egiteko

Maria Dolores Etxanok koherentzia eskatu dio Gobernuari, enpresei eta gizarte eragileei soldatak hobetzeko eskatzen dielako, baina "beste alde batera begiratzen du" hobekuntzak Administrazioarekin kontratatzen dutenei aplikatzean

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk sektore publikoko zerbitzu-kontratuetan malgutasun handiagoa eskatu dio Ogasun ministroari, LGSren eta hitzarmen kolektiboen soldata-igoerei aurre egiteko

ARGAZKIA JAITSI

"Mekanismo objektibo, tasatu eta mugatu bat planteatzen dugu eskulaneko zerbitzu-kontratu intentsibo batzuetarako, soldata-igoerak lege-aldaketen edo hitzarmen kolektiboen ondorio direnean". Hala zehaztu du María Dolores Etxano EAJ-PNVko senatariak Ogasun ministroari egindako proposamena, Sektore Publikoko Kontratuen Legea malgutzeko, Administrazioak kontratu publikoak aipatutako soldata-igoeretara egokitzeko duen legezko ezintasunak sortzen duen arazoa konpontzeko helburuarekin. "Ez dugu indexazio orokorrik planteatzen, ezta arrisku eta menturaren printzipioa ezabatzea, ezta kostuen edozein igoera automatikoki Administraziora eramatea ere", zehaztu du Etxanok.

Gobernuaren kontrolerako saioan, senatari abertzaleak Arcadi España ministroari azaldu dionez, "prezioak berrikusteko egungo sistemak ez dio erantzun egokirik ematen" eskulanaren kostuen igoerari gutxieneko soldata igotzearen ondorioz edo negoziazio kolektiboaren ondorioz, zerbitzu-kontratua gauzatu bitartean. "Gobernuak LGSa igo du, eta Sanchez presidenteak soldatak hobetzeko eskatu die enpresei eta gizarte-eragileei, negoziazio kolektiboaren bidez, langileen erosteko ahalmena babesteko. Helburu horrekin bat gatoz", adierazi du EAJ-PNVko senatariak, baina hobekuntza horiek Administrazioarentzat kontratuak dituzten enpresei aplikatzeko orduan “koherentea" izateko eskatu dio Espainiako Gobernuari. "Ezin zaie besteei eskatu ahalegina egiteko eta, Administrazioari dagokionean, beste alde batera begiratu".

Izan ere, Etxanok gogorarazi du Espainiako Gobernuak betoa jarri ziola Sektore Publikoko Kontratuen Legea aldatzeko EAJ-PNVren proposamen bati, ekonomia soziala bultzatzeko lege integralaren tramitazioan, eta ezin izan zela eztabaidatu. "Kontratuen bideragarritasun ekonomikoaren, langileen eskubideen eta kontratazio publikoaren funtzio sozialaren arteko oreka bilatu nahi da, aurrekontu-egonkortasuna eta segurtasun juridikoa zainduz", azaldu du ordezkari jeltzaleak. "Garbitasunaz, zaintzaz, esku-hartze sozialaz, lorezaintzaz eta eskulaneko beste zerbitzu intentsibo batzuez ari gara, funtsezkoak, gehienbat emakumeek ematen dituztenak. Haien lan- eta soldata-baldintzei buruz hitz egiten dugu, baita laneratze-enpresei, enplegu-zentro bereziei eta gizarte-ekonomiako erakundeei buruz ere, non kontratazio publikoak funtzio sozial garrantzitsua betetzen duen".

Ezagutu Gure Senatariak