Prentsa Aretoa

2020/02/11

Ahedok “justizia eta azkartasuna” eskatu dio Estatuko Gobernuari saregile, neskatila eta paketatzaileen erretiro adina aurreratzeko koefizientea aplikatzeko

Ministroak gaia lantzeko eta aldarrikapenari bideak bilatuko dizkiola helarazi zion EAJ-PNV-ko senatariari; Euskadin sektoreko hainbat langileri eragiten diote aldarrikapen hauek.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Nerea Ahedok “justizia eta azkartasuna” eskatu dio Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministroari saregile, neskatila eta paketatzaileen erretiro adina aurreratzeko koefizientea aplikatze aldera hartutako konpromisoak bete ditzan. Jose Luis Escrivak arrantza sektorean oinarrizkoak diren langile auxiliar hauen egoera ez dela bidezkoa onartu du, baina Itsasoko Institutu Sozialak ofizioz martxan jarriko zuela iragarri zuen prozedura bertan behera geratu zela jakinarazi du, indarrean dagoen arautegiak ezinezko egiten zuelako abian jartzea; hain zuzen ere, langile hauek biltzen dituen Galiziako federazioa ez delako ez sindikatu bat ezta enpresa gaitasunik duen erakundea ere.

Ministroak gaia lantzeko eta aldarrikapenari bideak bilatuko dizkiola helarazi zion EAJ-PNV-ko senatariari; Euskadin sektoreko hainbat langileri eragiten diote aldarrikapen hauek eta horregatik Euzko Abertzaleak taldeak hainbeste aldiz defendatu ditu. Senatariak gogoratu duenez, emakume hauek arrantza sektorean “erretiro adina aurreratzeko koefizientea onartu gabe duten bakarrak dira”, beste guztiek, itsaskilariek edo estibatzaileek adibidez, hala duten bitartean. “Egingo zaiela agindu dioten bakoitzean baldintza berriak gehitu dizkiete eta bete egin dituzte, baina orduan Itsasoko Instituto Sozialak beste baldintza berri bat jartzen die: profesionalizazioa eskatu zitzaien eta titulu zehatzak lortzeko prestakuntza jaso zuten; antolakuntza eskatu zitzaien eta kofradiatan sartu edo elkartu egin ziren; Gizarte Segurantzatik aparteko kotizazio gehigarriak eskatu zitzaizkien eta kuotak gehitu dituzte. Eurak dena betetzen dute eta Gobernuak ez”. Ahedok salatu egin du, baita ere, langile hauei egotzi izana euren lana ez dela euren oinarrizko ogibidea edo gutxieneko diru sarrerarik ez diela eskaintzen. “Lan eskubideak soldata zehatz baten arabera lortuko balira bezala eta ez lanaren arabera!”.

Ezagutu Gure Senatariak