Prentsa Aretoa

2022/04/28

EAJ-PNVk Europako Funtsak ekoizpen-sarera “berehala helarazi” daitezen premiatu du Calviño presidenteordea

Autonomia-erkidegoen Batzordean, Euskal Taldeak ohartarazi du erabilgarritasuna atzeratzeak “arriskuan jar lezake” proiektu estrategikoak gauzatzea.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVk Europako funtsak sektore produktiboaren eskura jartzeko dagoen atzerapenagatik kritika helarazi dio Nadia Calviño Gobernuko presidenteorde eta Ekonomia Gaietarako ministroari, eta adierazi dio “beharrezkoa dela baliabideak lehenbailehen helaraztea”, bere iritziz “horren mende dago Europak ezarritako helburuak betetzea”.

Gobernuko presidenteordeak agerraldia egin du gaur Senatuko Autonomia Erkidegoen Batzordean, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren inguruko egoeraren berri emateko. Bertan, Estefanía Beltrán de Heredia Euskal Talde Parlamentarioko bozeramaileak Eusko Jaurlaritzak urrian Euskadirako bidali zituen hiru proiektu estrategikoen finantzaketari buruz Gobernu zentralak erantzunik eman ez izana aurpegiratu dio. Deitoratu duenez, “gaur egun ez dago erantzunik, proiektu horiek Planarekin erabat lerrokatuta daudela baino ez; baina ez da zehazten nola egituratzen den finantzaketa, eta horrek, kasu batzuetan, proiektua gauzatzea ere arriskuan jar dezake”.

Senatari autonomiko jeltzaleak euskal administrazioak “erantzunik ezean, aurrera egin dutela”, jakinarazi dio Calviño presidenteordeari, 530 milioi euroko balioa duen inbertsio plan estrategikoa gogoraraziz. Hauek “enplegu jasangarriak eta kalitatezkoak sortuko dituzten eraldaketa ekonomiko eta sozialeko proiektuak bultzatzeko” dira, horien artean hiru proiektu estrategikoak daudelarik: ‘Basque Mobility’, ‘Ecosistema del dato’ y ‘Basque Advanced Therapies’.

Beste behin ere, EAJ-PNV haserre agertu da Espainiako Gobernuak ez dituelako autonomia erkidegoak kontuan izan Berreskuratze Planaren diseinuan eta garapenean. Kritikatu duenez, “kogobernantza ez da bilera kopuruan neurtzen; ez da eszenaratze bat, gaurko saioa bezalakoa, non ez dagoen benetako eztabaidarik, baizik eta iritziak helaraztea baino ez. Kogobernantza hasieratik adostea da; horrela, erabakiak hartzeko ardura hartuko genuke, autonomia-erkidegoek ez baitute tutoretzapekoak izan beharrik”. Maribel Vaquero jeltzaleen Batzordeko bozeramaileak adierazi du espero duela autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek parte hartuko dutela administrazio publikoek egin beharreko esku-hartzeak zabalduko dituen eranskina egiten, Espainiako Gobernuak Europari mailegu gisa eskatuko dizkion 70.000 milioiak eskuratzeko. “Itzuli beharreko kreditua da, beraz, administrazio eskudunek erabaki behar dute zer erreforma behar dituzten, erabakitzeko ahalmena eta autogobernua bermatuz. Jakin behar dugu zein neurritan ordezkatzen duten gure zorpetze-ahalmena, ziurtatzen baitizut ez dela izango erabakitzeko ahalmena galtzearen kontura”.

Azkenik, Maribel Vaquerok berretsi egin du EAJ-PNVren jarrera “eraikitzailea”, izan ere, «gure etorkizuna jokoan dugulako eta, gaizki ateratzen bada, denok aterako garelako kaltetuta, baita Euskadi, bere erakundeak, enpresak eta herritarrak ere. Beraz, premiazkoa da helaraztea, premiazkoa da elkarlanean aritzea”, amaitu du.

Ezagutu Gure Senatariak