Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2014/06/28

Irunekin lotura duten gaiak jorratzeko, EAJ-PNVko senatari taldearekin elkartu da Xabier Iridoy

Irungo Batzokian egindako bileran, besteak beste, trenbide guneari, Ventaseko tren geltokiaren eraberritzeari eta Txingudi badiako hiru herrialdeak lotzeko proiektuari buruz hitz egin dute jeltzaleek

rss Ezagutzera eman

Irungo EAJ-PNV Senatuko euskal legebiltzarkide taldearekin elkartu da, hiriarekin lotura duten planteamenduak partekatzeko eta esku-hartzeak koordinatzeko. Rut Martinez, Iñaki Anasagasti, Jose Maria Cazalis eta Maria Eugenia Iparragirre senatariek Irunera egin duten bisitaldia aprobetxatu du Xabier Iridoy udal bozeramaileak udalerrirako garrantzitsuak diren hainbat proiekturen egoera ezagutzeko.

«Irungo EAJ-PNVtik hilabeteak daramatzagu erakunde desberdinekin modu koordinatuan lanean, eta gure hiriko proiektuak administrazio guztietako agendan egoteko egiten ari garen koordinazio lanaren baitan kokatzen da gaurko topaketa hau» azaldu du zinegotzi jeltzaleak. «Irun Madrilen ere presente egotea nahi dugu, eta horren harira, gure senatari taldea lan garrantzitsua egiten ari da» jarraitu du Iridoyk.

Irungo Batzokian egindako bileran, Iridoyk eta senatariek, besteak beste, trenbide guneari eta Ventaseko tren geltokiaren eraberritzeari buruz hitz egin dute. Azken gai horren inguruan, Maria Eugenia Iparragirre senatari irundarrak −Sustapen Batzordeko EAJ-PNVko bozeramailea− adierazi du, Sustapen Ministeriotik jasotako informazioaren arabera, obraren esleipena datorren uztailaren 1ean egingo dela. Halaber, esku-hartzerako aurreikusiak zeuden 800.000 euro baino gehiagotik, urte honetan 191.736 euro bakarrik erabiliko direla baietsi du, hau da, obra osoaren 24%. Horren harira, gai honen garapena gertutik jarraituko duela eta datorren osoko bilkuran Ministro andereari azalpenak eskatuko dizkiola aurreratu du Iparragirrek.

Azkenik, Txingudi badiako hiru herriak oinezko eta bizikletentzako bidez lotzeko proiektua azaldu nahi izan die Xabier Iridoyk senatariei. «Gure eskualderako garrantzitsua den proiektu horren aldeko apustua argi utzi du EAJ-PNVk erakunde desberdinetan, eta funtsezkoa iruditzen zaigu senatari taldeak ere bere garapena ezagutzea eta Madrildik proiektua bultzatzea, joan den maiatza amaieran egindako erakundearteko batzordean etorkizunean Estatuko Kostak deitzea ere eskatu baizen. Azken honek gai horretan eskumenak ditu, batez ere, Irun eta Hendaiaren arteko loturari dagokionez» adierazi du udal bozeramaile jeltzaleak.

Ezagutu Gure Senatariak