Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2014/12/02

EAJk presoek Europar Batasuneko beste estatu batzuetan betetako zigorrak batu ahal izatea ez dezala debekatu exijitu dio Catalari

Senatuko Euzko Abertzaleak Taldeko bozeramale den Jokin Bildarratzek Espainiako Gobernuak nazionalitate espainola duten presoek Europar Batasuneko beste estatu batzuetan betetako kartzela zigorrak batzea eta Espainian zigorra betetzeko baliagarriak izatea ahalbidetzen duen eskubidea saihesteko duen asmoaren aurkako iritzia helarazi dio Rafael Catalá, Justizia Ministroari.

rss Ezagutzera eman

Arau berri hori abenduaren 4an jarriko dute indarrean, urrian Senatuko Alderdi Popularrak azaroaren 12ko 7/2014 Lege Organikoari jarritako zenbait helegiteren ondorioz. Lege Organiko hori Europako Batasunean aurrekari penal eta epaiketa penalen ebazpenen inguruko informazioari buruzkoa da, presoak Batasun Europarreko kide diren beste estatu batzuetan giltzapetuta egin dituen zigor urteak batzea ahalbidetzen dion 2008ko uztaileko Europako zuzentaraua aldatzen duena. Honenbestez, Alderdi Popularrak presoek Estatu espainolean giltzapetuta eman dituzten urteak bakarrik kontuan hartzea lortuko luke.

EAJren iritziz, Alderdi Popularreko senatarien mugimendu honek lotura du Frantziako espetxeetan dauden ETAko berrogeita hamar preso inguru laster Espainiako espetxeetara eraman behar izatearekin. Aplikatuko den aldaketa honen bitartez, preso hauei ez litzaizkieke kontuan hartuko orain arte betetako zigorrak eta, ondorioz, espetxean bete beharreko denbora luzatu egingo litzaieke, nahiz eta euren zigorra beteta izan. Auzitegi Gorenak hartutako erabakien artean gertatu izan da Europako Akordio Markoan oinarritutako erabakiren bat hartu izana, eta honek Alderdi Popularrak ezarriko duen arautegiaren kontra egingo zukeen, dagoeneko indarrean egon izan balitz.

ETAko kideen lekualdatze hau, gainera, joan den astean Espainiako Gobernuko presidenteak, Jokin Bildarratzi Senatuan emandako erantzunaren ostean dator; orduan, Mariano Rajoyk presoen dispertsioaren onurak goraipatu zituen, hauei “mesede handia” egiten zaiela ere esanez.

Ezagutu Gure Senatariak