Prentsa Aretoa
2015/10/13
EAJ-PNVk Aurrekontu Egitasmoa errefusatu du "euskal hiritarren bizimodua hobetzeko ezer planteatzen ez duelako"
Senatuko Euzko Abertzaleak taldeak berretsi du ez duela onartzen 2016 urterako Estatuko Aurrekontu Orokorren Lege Egitasmoa. Senatari jeltzaleen esanetan aurrekontu horrek " ez ditu Euskadirekiko betebeharrak betetzen".
Maria Eugenia Iparragirre eta Jose María Cazalisek EAJ-PNVren jarrera defendatu dute Goiko Ganberan gaurkoan egin den eztabaidan. Aditzera eman dutenez " kontu bidegabe eta erabat propagandistikoak " dira. Iparragirrek Euzko Abertzaleak legebiltzar taldeak aurkeztutako zuzenketak defendatu ditu, besteak beste berretsi du Talde Popularrak hurrengo ekitaldirako kontuetarako 1,5 milioiak beste 350.000 eurotan igotzeko egin duen proposamena " ez da behar bezain zentzuduna". Méndez de Vigo ministroa izan da Senatuko Osoko Bilkurara joan den gobernukide bakarra, eta pertsonalki planteatu dio eskaintza Irungo senatariari. Senatari jeltzaleak proposamenari ezetz esan dio Kultura Ministerioak hasierako dotazioa 3 milioitan igo arte eta behin betiko aurrekontua 4,5 milioikoa izan arte EAJ-PNVk amore emango ez duela iragarriz. “Beste esfortzua egitea eskatzen dugu, Donostia 2016 behar bezalako egitasmoa izan dadin, izan zitekeena eta ez zena alde batera utzita" erantzun du senatariak.
Iparragirrek era berean eskatu du Euskal Y trenbidea deritzon egitasmorako aurrekontu handiagoa aurreikustea, Estatuko Gobernuak berak ezarri dituen epeak bete ahal izateko "are gehiago Bergarako lotunean eta hiriburuetarako sarreretan dauden arazoak kontuan hartuta. Hitzak egintza bihurtu behar dira; aurrekontuetan islatu behar dira". Era berean, administrazio publikoetan funtzionario berrien sarrera mugatzen duen eta Ertzaintzaren Lanpostu Eskaintzari eragiten dion erreposizio politikarekiko desadostasuna adierazi du.
Jose Maria Cazalisek, bere aldetik, esan du Alderdi Popularrak aurkeztu dituen kontuak ikusita agerian geratu dela Gobernuak ez duela "euskal hiritarren bizimodua hobetzeko ezer egiteko asmorik; seguruenik Euskadin babesik handiegia ez dutela dakitelako. Hori da Exekutiboaren aldetik politika partidista egitea". Era berean azaldu du egitasmoak ez duela legea betetzen " Gernikako Estatutuaren urratzea betikotzeko balio duelako".
Bizkaiko Senatariak Lege Egitasmoaren irakurketa bikoitza egin du. Bere ustetan Talde Popularreko Gobernuak "euskal hiritarrak espainiar hiritar ez garela uste du edo, garela uste arren ere, zigortu egiten gaitu hiritarrek ez dutelako hautestontzietan PP babesten". Lehen aukera ondo hartuko luke jeltzaleen ordezkariak,baina arrazoia bigarrena balitz " ez dadila saiatu espainiar guztiak Legearen aurrean berdinak direla konbentzitzen, hori gezurra delako" esan du.
Beste behin ere, jeltzaleen ordezkariak Gobernuak planteatutako kontuen izaera elektoralista azpimarratu du "PPk abenduaren 20ko hauteskundeetarako aurkeztuko duen hauteskunde egitasmoaren laburpena da eta Gobernuaren politika azken garai honetan bihurtu den publi-erreportajea osatzen dute; aurkeztu dituenak ondo daki ezin izango dituela bakarri kudeatu, edo izan liteke beste batzuek kudeatu behar izatea. Europar Batzordeak ere azpimarratu du aurrekontu ez errealistek defizit handiagoa eragiten dutela. Testua propaganda hutsa da" amaitu du.
Nabarmenak...
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/19
Senatua
2024/11/19
Berri ikusiagoak...
Bizkaia
2023/07/02
Senatua
2023/11/21
Senatua
2023/10/03
Senatua
2023/11/08
Senatua
2023/04/19