Prentsa Aretoa
2015/12/08
Ortuzarrek baieztatu duenez, euskal hiritarren pentsioak “salbu” egongo lirateke “Euskaditik kudeatuko balira Urkullu Lehendakariaren sen on eta eraginkortasunez”
Gaur arratsaldean Laudion egin den ekitaldi politikoan, EBBren presidenteak gogoratu du Euskadik ematen duela Estatu osoak diru sarrerak bermatzeko ematen duen errenta osoaren %40. “Eta gero esango dute gu insolidarioak garela eta pribilegioak ditugula”.
Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, euskal hiritarrok abenduaren 20an jokoan izango duguna azaltzeko adibide praktikoa azaldu nahi izan du gaurkoan: Gernikako Estatutua betearazteko aukera, pentsioak moduko gai garrantzitsu batean. “Hemen, Euskadin, Eusko Jaurlaritzak aurrekontuetan ezarri duen zorroztasunarekin, Iñigo Urkulluk kudeaketan erakutsi duen sen on eta eraginkortasunarekin, pentsioak salbu egongo lirateke”, baieztatu du jeltzaleen buruak. Ortuzar Laudioko ekitaldi politikoan izan da gaur, Almudena Otaola Senaturako Arabako hautagaiarekin eta Kongresurako Arabako zerrendaburu Mikel Legardarekin.
Ortuzarrek baieztatu duenez, “legealdi beltzetik gatoz, lau urteko zapalketa eta inposiziotik. Estatutuan jasota dauden hainbat eskuduntzetan sartu dute eskua. Eta ez dute pendiente dauden eskuduntzetako bakar bat ere transferitu. Esate baterako: Segurtasun Sozialaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa. Esan egin dute ez digutela eskumen hori transferitzen defizit egoeran dagoelako. Gure onerako egiten dutela. Jakina defizitarioa dela!. Hori badakigu. Ez gara inozoak. Baina guk transferentzia hori nahi dugu, hemendik kudeatzen baldin badugu hobera egitea lortuko genukeelako, jasangarri egingo genukeelako. Gaurko eta biharko pentsioak bermatuko genituzke. Beraiek ez dira hori egiteko gai, beti eskua itsulapikoan sartuta, erreserba funtsa deskapitalizatzen, beren defizitaren zuloa ezkutatzeko. Hemen, Euskadin, Eusko Jaurlaritzak aurrekontuetara eraman zuen zorroztasunarekin, Iñigo Urkullu gure Lehendakariaren kudeaketarekin eta sen onarekin, pentsioak egoera onean egongo lirateke. Oraina eta etorkizuna izango lukete. Eta Espainian, ez dakigu nola egongo diren”.
Ortuzarrek euskal erakundeen erantzukizuna eta kudeaketa zuzena aldarrikatu nahi izan ditu espainiar erakundeek azken aldi honetan burutu duten diru-eralgiketaren aurrean. “Hemen, Euskadin, ez da dagoena baino gehiago gastatzen. Ahal dena gastatzen da. Lehenik jartzen dira pertsonak, hezkuntza, osasuna, gizarte prestazioak. Estatu osoan diru sarrerak bermatzeko errentan gastatzen den kopuru osotik, Euskadik %40 inbertitzen du. Ondo entzun duzue, bai, Estatu osoan inbertitzen denetik %40, eta gu biztanleria osoaren %5 baino ez gara. Gero esango digute insolidarioak garela eta pribilegioak ditugula”.
Jeltzaleen buruak mezua igorri nahi izan die EH Bilduko buruei. “EH Bilduk ez du gehiegi itxaron kanpaina honetan EAJren kontra egiteko. Laugarren egunean ideia guztiak agortu zaizkie.Rafa Larreinak esan du EAJkook CiUren “makinungokeriari” utzi beharko geniokeela. Bai, EAko batek esan du. Duela egun batzuk, kosta ahala kosta Artur Masekin argazkia ateratzeko ahaleginak egiten ari zirenetako bat, eta orain errespeturik gabe ari da President jaunaz eta bere alderdiaz. Eta hori EAkoak, Sortukoek ez dutelako Mas-ekin argazkirik nahi,haiek CUPekoen lagun minak dira, Euskadira ekarri nahi duten prozesua blokeatzen ari den talde politikoa. Bilduk gai horretaz hitz erdirik ere ez du esan , hitz erdirik ez Mas presidenteari oztopoak jarri dizkionaz: beren kide eta lagunak dira horiek, CUPekoak. Begiratu,bestela, zenbat kontraesan esaldi bakar batean. Larreina kontraesanen erregea da. Ez dut kontuan hartuko. Buruan daukaten nahaspilaren adierazpena baino ez da. Baina, muturra izan behar da, gero. Etxea txukundu gabe eta inoren etxea txukuntzen sartu dira”.
Mikel Legarda, Diputatuen Kongresurako Arabako zerrendaburua, kezkatuta agertu da Ekonomia Itunari behin eta berriz egiten zaizkion erasoak direla eta . “Euzko Alderdi Jeltzalea arduratuta dago, eta lanean ari da. Arrazoiak baditugu. Hauteskunde hauek , duela 40 urte burutu zen trantsiziotik hona egingo diren garrantzitsuenak. Kezkatuta gaude Espainiar alderdiek Madrilen gure autogobernua murriztu nahi dutelako. Aldundiak ixteaz eta gure Ekonomia Ituna ezabatzeaz ari dira. Araban 140 urte dituen Ekonomia Ituna ,ongizaterako eta bizitza kalitaterako hain ona dena… eta Madrilen kendu nahian dabiltza. Ezereztu nahi dute” esan du. Laudion, Legardak salatu egin ditu Madrilgo gobernuek Aialako Bailararekin ingurumen alorreko gaietan bete gabe utzi dituen konpromisoak. “1984 urtean, Estatuak akordio bat izenpetu zuen Eusko Jaurlaritzarekin, Goi Nerbioiko saneamendua eta arazketa konpontzeko. Hondakin urak garbitzeko araztegiak eta Amurrion Markijanako eta Laudion Basaurbeko hodi biltzaileak. 30 urte igaro dira eta Estatuak ez ditu horiek egin. Egin gabe dagoen inbertsioa da, ia ia 70 milioi eurokoa. Estatuak Aialarekin dituen konpromisoak betetzea exijitzera, horretara ere badoa EAJ Madrilera”.
Nabarmenak...
Senatua
2024/10/03
Senatua
2024/10/02
Senatua
2024/09/26
Senatua
2024/09/25
Senatua
2024/09/24
Berri ikusiagoak...
Bizkaia
2023/07/02
Senatua
2023/03/23
Senatua
2023/02/16
Senatua
2023/11/21
Senatua
2023/03/10