Prentsa Aretoa
2016/04/08
Kosta Zuzendaritzari Mendietako ontziolaren kontzesioa eskatzeko babesa eman dio Cazalisek Lekeitioko alkateari
EAJren senataria eta agintari lekeitiarra Ingurumen Ministerioan izan dira eta hango arduradunek prozesuari amaiera ematearen aldeko jarrera erakutsi diete.Udalak eraikina leheneratu egin nahi du; monumentu multzo moduan kalifikatuta dago, Kantauriko erribera ontziola garrantzitsuenetakoa delako.
Jose Maria Cazalis senataria eta Lekeitioko alkate den Koldo Goitia Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritzako arduradunekin batzartu dira Madrilen Mendietako ontziolaren kontzesioa euskal erakundeen alde eskualdatzea amaitzeko prozesua azkartzeko. Hauen helburua, Euskadin dagoen erriberako ontziola onena leheneratu eta mantentzea da.
Nahiz eta prozesu hau duela hamar bat urte hasi zuen Udalak, oraingoan Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Kostaren Jasangarritasunerako Zuzendaritza Nagusiaren Itsaso eta Lehorraren arteko Jabari Publikoaren Zuzendariordetza Nagusiak kontzesioaren amaierako espedientea ebatziko duelako konpromisoa hartu du.
EAJren ordezkariek jakinarazi dutenez, Kosta Zuzendaritzako arduradunek Udalak egungo kontzesioari amaiera emateko egin duen eskaerari jaramon egiteko motibo nahikoa dagoela ikusi dute. Gainera, Udalak erakutsi duen interesak prozesua amaitzea erraztuko duela onartu dute Ministeriotik, horregatik, interes hori modu ofizialean jakinarazi dezatela jakinarazi diete lekeitiarrei.
Mendietako ontziola monumentu-multzo moduan katalogatuta dago, Kantauriko erriberako ontziola garrantzitsuenetakoa delako. “Mendieta leheneratu nahi dugu; ez dago bera bezalako besterik eta ez dugu galdu nahi”, azaldu dute egungo alkateak eta 2003tik 2011ra bitartean postu hori izan zuen senatari jeltzaleak. Mendietako lehen ontziola 1884an eraiki zuten baina, 1013an sute batek erabat suntsitu ostean, 1917an berriz altxatu zuten; honenbestez, datorren urtean egungo eraikinaren mendeurrena izango da.
Lekeitioko Udalak, orduan Jose Maria Cazalis alkate zela, Mendietako ontziola leheneratzeko proiektua egin zuen 2008an, herrian Interpretazio Zentroa martxan jartzeko prozesuaren barruan. Bertan, erakusketa eremuaren osagarri, ekimen dinamizatzailea izango zuen zentro integrala ere egokitzea proposatzen zen Mendietarako. “Balioan jarri nahi dugu, eta horretarako lau aldetako elkarlana eskatuko dugu: Estatuko Gobernua, Euzko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Udala hartuko dituena. Denon artean bilatuko dugu zein izango den emango diogun erabilera; betiere, monumentu izendapenarekin eta Kosta Legeak ahalbidetzen dituen erabilerekin bat etorriko den erabilera”.
Nabarmenak...
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/19
Senatua
2024/11/19
Berri ikusiagoak...
Bizkaia
2023/07/02
Senatua
2023/11/21
Senatua
2023/10/03
Senatua
2023/11/08
Senatua
2023/04/19