Prentsa Aretoa

2017/02/22

Gallastegik Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak Euskadin duten presentzia egokitzea eskatu du

EAJren barne gaietarako bozeramailearen esanetan, ETAren jarduera amaitu eta gero beharrezkoa da aipatutako polizia indarrak dagokien eskumenetara mugatu daitezela.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Victoriano Gallastegik Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak Euskadin duten presentzia egokitzea eskatu dio Gobernuari, hauek dagokien eskumenetara mugatu daitezela gaineratuz. EAJren barne gaietarako bozeramailearen esanetan, egokitzapen hau “beharrezkoa da ETAren indarkeriarik gabeko Euskadin dagoen testuinguru politiko eta sozialean”.

Senatari jeltzaleak azaldu duenez, talde armatuaren jarduera amaitu zela ia sei urte bete direnean, egoera berriak Madrilgo Gobernuaren hausnarketa bat merezi du. Jakinarazi duenez, Euskadik duen polizia ratioa beste lurralde batzuetan baino askoz handiagoa da; hain zuzen ere, mila biztanleko 5,29 polizia dago Euskadin; Andaluzian, 3,13; Galizian, 3,04; Katalunian, 3,06; edo Gaztela-Mantxan, 3,08. “Datu hau guztiz harrigarria da; ulertu genezakeen 2011ko urriaren 20aren aurretik, baina gaur, ez”.

EAJren ordezkariak Euskadiren polizia Ertzaintza dela aldarrikatu du; “polizia integrala, eta den modukoa onartu behar dena, polizia propioa, Gernikako Estatutuaren arabera eta 1989ko martxoaren 13ko akordioan  jasotakoaren arabera”, iritzi dio Estatuko indar eta kidegoen eta Euskal Polizia Autonomoaren zerbitzuak zehazten dituen akordioa gogoratuz.

Bestalde, Alderdi Sozialistak Estatuko indar eta kidegoen segurtasun publikorako eta espetxeetarako aurkeztutako mozioa aprobetxatuz, Gallastegik Gernikako Estatutua betetzea eta espetxe politiken eskumena Euskadiri ematea eskatu du berriz ere. “Hainbat osoko bilkuratan entzun diet Gobernuko kideei legea betetzeko dela; orduan, kontuan hartu ezazue eta bete ezazue aldarrikatzen duzuena, izan ere Gobernu honek ez du legea betetzen Euskadiri dagozkion eskumenen transferentziei dagokienez”.

 

Ezagutu Gure Senatariak