Prentsa Aretoa

2017/03/05

Cazalisek hegaluzea arrantzatzeko Estatuko flota bakoitzaren kuota modu argi eta bidezkoan arautu dezala eskatuko dio Madrilgo Gobernuari

Nekazaritza eta Arrantza Ministroaren agerraldian egin zuen bezala, EAJren senatariak iaz arrantza sasoia denbora baino lehen ixtera behartu zuten arazoak konpontzeko neurriak har ditzala eskatuko du astearteko Gobernua Kontrolatzeko saioan, hain zuzen ere euskal arrantzaleak kaltetu zituen bat-bateko itxiera.

rss Ezagutzera eman
Cazalisek hegaluzea arrantzatzeko Estatuko flota bakoitzaren kuota modu argi eta bidezkoan arautu dezala eskatuko dio Madrilgo Gobernuari

ARGAZKIA JAITSI

Jose Maria Cazalisek hegaluzea arrantzatzeko kuota bidezkoagoa ezartzeko neurriak hartzera dei egingo dio asteartean Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministroari. Senatuan egingo den Gobernua Kontrolatzeko saioan, arlo honetako EAJren bozeramaile denak 2017an hegaluzearen kuotaren gestioa nola hobetuko duen galdetuko dio Isabel Garcia Tejerinari, 2016ko kanpainan arrantza sasoia denbora baino lehen ixtera behartu zuten arazoak konpontzeko.

Historian lehen aldiz, iaz hegaluzearen arrantza sasoia irailean bat-batean ixtea erabaki zuen Ministerioak, hain zuzen ere euskal arrantzaleentzako arrantzan aritzeko baldintzarik onenak ematen ziren garaian.

Arrantza mota garrantzitsuenetakoen artean, hegaluzearena da flota bakoitzeko kuota ezartzen ez duen bakarra, eta “arrantza olinpiko” deritzonaren arabera arautzen da; hau da, Estatu espainiarrak orotara duen kuota agortu arte aritzen dira arrantzaleak. Cazalisen iritziz, honek larriki kaltetzen du euskal flota, izan ere atun hau hegoaldetik iparraldera mugitu ohi da sasoi horretan eta, honenbestez, beste autonomi erkidego batzuetako arrantzaleek (baita mota honetako arraina inoiz harrapatu ez dutenek ere) arrantzan lehenago hasteko aukera dute, Estatuari dagokion kuota zati gehientsuena harrapatuz atuna euskal kostaldera heldu baino lehen.

Alderantziz, euskal arrantzaleek ezin dituzte beste espezie batzuetako harrapaketak gehitu, hain zuzen ere floten araberako kuotak horrela agintzen duelako. Hori dela eta, hegaluzearen arrantzarako ere Estatuko flota bakoitzeko kuota ezar dadila exijituko du EAJren senatariak. Horretarako, flota bakoitzaren sostengarritasunerako hegaluzearen arrantzarekiko mendekotasun gehien dutenak zeintzuk diren kontuan hartzea defendatuko du, baita historikoki zeintzuk izan diren hegaluze gehien harrapatu izan dituztenak ere, azken urteotan beste espezie batzuekin egin izan den bezala, txitxarroa edo berdelarekin, adibidez.

Ezagutu Gure Senatariak