Prentsa Aretoa

2017/04/19

Cazalisek gas naturala errepideko garraioan erregai moduan erabil dadin sustatzeko plana egitea eskatu du

EAJko bozeramaileak honen abantaila ekonomiko eta ingurumenekoak goraipatu ditu, eta exijitu du Gobernua eta Parlamentua izan daitezela egokiena den energia mota aukeratzen dituztenak, merkatuaren gorabeheren pentzu utzi gabe.

rss Ezagutzera eman
Cazalisek gas naturala errepideko garraioan erregai moduan erabil dadin sustatzeko plana egitea eskatu du

ARGAZKIA JAITSI

Jose Maria Cazalisek errepideko garraio astunean gas naturala, likidotua zein konprimitua, erregai moduan erabil dadin sustatzeko plan zehatza egitea eskatu dio Energia Ministerioari. Helburu horrekin, senatari jeltzaleak beste erregai motekin diharduten ibilgailuen eraldaketetarako babes administratibo, fiskal eta finantzarioa eman dezala eskatu du, baita ibilgailu mota hauek erosteko babes fiskal iraukorra ere.

Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Batzordean aurrera egin ez duen ekimenean petrolioaren deribatuak diren erregaiak erabiltzen dituzten ibilgailuekiko abantaila ekonomiko eta operazionalak ere eskatu ditu senatariak, haien artean diskriminazio positiboko zenbait neurri ere aipatuz; hala nola, aparkalekuetan edo bidesarietan abantailak eskainiz.

Gainera, senatari jeltzaleak ibilgailu hauen garapen teknologikoa babestu eta sustatzea ere proposatu du, eta Estatu osoan gas naturalarekin horniketa azpiegiturak ezarri daitezela. Bestalde, apurka-apurka petrolioaren deribatuekin diharduten garraio publikoko ibilgailuak gas naturalarekin edo energia elektrikoarekin arituko diren ibilgailuekin ordezkatzen joan daitezen planifikazioa egin dadila ere proposatu du.

Jose Maria Cazalisek gogoratu duenez, gas naturala erabiltzeak abantaila ekonomikoak eragiten ditu baina, batez ere, ingurumen eta zarata kutsadura aldetik onuragarria da, horregatik erabilera horren aldeko “apustu argia” eskatu du. Hori dela eta, exijitu du “Gobernua eta Parlamentua izan daitezela kasu bakoitzean egokiena den energia mota zein den aukeratzen dituztenak, erabaki hori merkatuaren edota sektoreko enpresen gorabeheren pentzu utzi gabe”. Senatariak gas naturala badagoela eta Estatuak petrolioarekiko duen mendekotasun itzela gutxitzeko beharra duela ere kontuan izan du; horrez gain goraipatu egin ditu “Estatuan gasaren arloan lan egiten duten enpresa eta profesionalen prestakuntza, eta dauden azpiegitura aurreratuak”.

Ezagutu Gure Senatariak