Prentsa Aretoa

2017/12/13

Etxanok Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoaren inguruko adostasuna mantentzera eta alderdikerietatik aparte uztera deitu du

Goi Ganberaren %97k berretsi du Kupoa eguneratzea, baina EH Bilduk Kupoari babesik ez ematea erabaki du berriz ere.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Maria Dolores Etxanok agente instituzional, politiko, ekonomiko eta sozialei erantzukizunez jokatzera deitu die “Kontzertu Ekonomiko eta Kupoaren ereduaren inguruan dagoen adostasuna eta ituna manten dadin”; aldi berean, “gaia alderdikerietatik aparte uztera, zilegi den lehia politikotik aparte uztea” eskatu die. Senatuan Kontzertu Ekonomikoa eta hurrengo bost urteetarako Kupoa eguneratzeko Lege Proiektuak irakurketa bakarrez tramitatzeko eztabaidan egin du eskaera hau EAJko ordezkariak, bozketen %98k berretsi duena lehenaren kasuan, eta %97k Kupoaren gaian, EH Bilduk berriz ere babesik ez ematea erabaki duelako.

Aipatutako erakunde bien inguruan zenbait alderdik aipatutako faltsukeri guztiak banan-banan desmuntatu behar izan ditu berriz ere senatari jeltzaleak bere hitzaldian. “Batzuk errealitate paralelo bat sortzeko beharra dute, Kontzertua kritikatuz, erregimen komuneko lurraldeen finantzazio txarra justifikatzeko”, agerian utzi du Etxanok. Konkretuki, Ciudadanos alderdiko ordezkariei zuzendu zaie “gezur bat askotan errepikatu arren horrek egi bihurtzen ez” duela gogoratuz; “pentsa liteke epe laburrera irabazi elektoralak lortu nahi dituzuela. Horri oportunismoa deitzen zaio”.

Bestalde, EH Bilduk Kupoa babesteari berriz ere uko eginez erakutsi duen jarrera  “bereziki ulertezina” da Etxanorentzat, izan ere “euskal talde batetik Kontzertuari eta Kupoari egiten zaizkion kritikak eta zalantzak abalatzen direlako”. Senatari ondarrutarraren iritziz, jokabide hau ezker abertzaleak “EAJren aurka” egiten duen estrategian ulertu behar da, nahiz eta helburu horrekin “Euskadin euskal finantzaketa sistemak duen babes sozial orokorraren logikatik kanpo” egin behar badu ere.

Bi lege hauek Kontzertuaren Batzorde Mistoak bi erakundeak eguneratzeko adostutakoa berresten dute, hain zuzen ere, Estatuan zerga arloan ordenamendu juridikoan eman diren lege aldaketetara egokitzeko zein 2017tik 2021era bitartean Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuari transferitu ez diren eskumenengatik ordaindu behar dion Kupoa gaurkotzeko derrigortasuna betetzeko. “Honek begibistan jartzen du Estatuko Gobernua eta Eusko Jaurlaritzaren arteko aldebiko akordioa, Euskadiren finantzazio ereduaren itun izaera, menpekotasunik gabekoa”.

Ezagutu Gure Senatariak