Prentsa Aretoa

2018/06/05

Aurrekontuei emendakinak jarrita PPk eragingo zukeen ziurgabetasuna deitoratu du Bildarratzek

Senatariak ezeztatu egin du EAJk alderdi nagusiarekin zuen itunik apurtu duenik: “2018ko aurrekontuetarako akordioa adostu genuen, ez gehiago ez gutxiago”.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Jokin Bildarratzek PPk Estatuko Aurrekontu Orokorrei aurkez diezazkiokeen emendakinek “Europako Batasunari ziurgabetasun mezua” bidaliko lioketela deitoratu du; hain zuzen ere, EAJrekin adostutako akordioei eragin liezaieketen emendakinok aurreikusitako partiden “%0,005” izango lirateke. “Kopuru horregatik guztiz arduragabea eta inkoherentea den mezua bidaltzen da. Alderdikeriaz beteriko interesengatik Estatu espainiarrari, PPri zein Gorteei mesederik egiten ez dioten seinaleak bidaltzen dira”.

Bildarratzek ezeztatu egin du EAJk Estatuko Gobernua babesten zuen alderdiarekin zuen itunik apurtu duenik Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioaren alde bozkatzerakoan. “Adostutakoa bete dugu, 2018ko aurrekontuetarako akordioa adostu genuen, ez gehiago ez gutxiago. PPko baten batek esan diezadala zer ez dugun bete”, eskatu du senatariak, 2016an EAJk Rajoyren inbestiduraren aurka bozkatu zuela gogoratzearekin batera. Bildarratzek PPk aurkeztu ahal dituen emendakinak orekatzeko emendakinik ez duela aurkeztuko iragarri du.

Jeltzaleak Kontuek Senatuan bete behar duten tramitaziorako egutegia aldatu izana kritikatu du. Izan ere, Osoko Bilkura aste bete atzeratu du, hilaren 11ra arte, hain zuzen ere emendakinak aurkezteko epea amaitzen den eguna, bi egun beranduago hasiko den Aurrekontuen Batzordean eztabaidatuko diren emendakinak. “5.000 emendakin baino gehiago aztertu beharko dira, tartean osoko bilkura dagoelarik. PPk inoiz ez du eztabaidatu nahi gardentasunez, astiarekin eta akordioak bilatuz”.

Ezagutu Gure Senatariak