Prentsa Aretoa

2019/01/28

Bildarratzen iritziz, Vox-en sarrera kezkagarria da politika leku guztietatik erradikalizatuko delako

EAJko senatariaren esanetan, PPk “lehen ere ez zuen arrazoi askorik behar Euskal Herriaren aurka joateko, eta aldamenean hauek jartzen bazaizkio, are gehiago”.

rss Ezagutzera eman
Bildarratzen iritziz, Vox-en sarrera kezkagarria da politika leku guztietatik erradikalizatuko delako

ARGAZKIA JAITSI

Jokin Bildarratzen iritziz, Vox alderdia erakundeetan sartzea “kezkagarria da, politika leku guztietatik erradikalizatuko delako”. ETBn egindako elkarrizketan, Senatuko EAJko bozeramaileak jakinarazi duenez, “egonkortasuna hausten duen edozein alderdik eragina dauka gizartearengan eta ez du ezer onik ekartzen”.

Inkestek aurreratzen dituzten emaitzak “zuhurtziaz” hartu behar direla ohartarazi ostean, Bildarratzek PPk, Ciudadanosek eta Voxek osatutako gehiengo bat kaltegarria izango litzatekeela iritzi dio “baita Euskal Herrirako ere. Lehen ere Alderdi Popularrak ez zuen arrazoi askorik behar gure aurka joateko, hizkuntza edota eskumenen aldetik adibidez, eta aldamenean hauek jartzen bazaizkio, are gehiago, Voxek PPrengan eragina izateko indarra duela” kontuan harturik.

Estatuko Aurrekontuei dagokionez, ordezkari jeltzaleak aurreko Gobernuarekin eta oraingoarekin egonkortasuna lortzeko EAJk egin duen ahalegina azpimarratu du, baina 2019koen inguruko negoziazioak oraindik ez dituztela hasi aurreratu du. “Zerrenda horretan gure aurretik beste talde asko dago; bost alderdi politiko behar dira aurrekontuak aurrera ateratzeko", gogoratu du. "Gure helburuak oso argi ditugu eta zain gaude. Gure jarrera positiboa da eta negoziatzeko eta aurrera ateratzeko prest gaude”.

Pedro Sanchezen Exekutiboa “beste jarrera bat” erakusten ari dela onartu du EAJko senatariak, eta transferentzien egutegiarekin emandako aurrerapausoa nabarmendu du. “Lehen aldiz Gobernu zentralak transferentzia dokumentu bat onartu du, Gizarte Segurantza aparte utzita; lehen aldia da Gobernuko Presidenteak nazio anitzez osatutako Estatua dela onartzen duena… Kontzeptu positibo garrantzitsu batzuk daude, nahiz eta guk, keinuez gain, babesa ematea ere eskatzen dugun”.

Ezagutu Gure Senatariak