Prentsa Aretoa
2019/03/11
EAJrentzat “Euskadi lehentasun bakar eta esklusiboa” izango dela ezarri du Bildarratzek datozen hauteskunde orokorretara begira
Senatuko bozeramaile jeltzaleak goraipatu egin du Talde Parlamentarioak izan duen eragin erabakigarria oso garrantzitsuak diren gaietan; besteak beste, pentsioen igoeran, azpiegituren hobekuntzan edota zentsura mozioan.
EAJrentzat “Euskadi lehentasun bakar eta esklusiboa” izango dela ezarri du Jokin Bildarratzek datozen hauteskunde orokorretara begira. Gaur goizean Onda Vasca irratiari emandako elkarrizketan, senatari jeltzaleak goraipatu egin du “Taldeko ordezkariok Kongresuan eta Senatuan izan dugun eragin erabakigarria oso garrantzitsuak diren gaietan; besteak beste, pentsioen igoeran, azpiegituren hobekuntzan edota zentsura mozioan, betiere euskal herritarrengan pentsatuz”. Bildarratzek garrantzitsutzat jo du “EAJ bezala bakarrik aurkeztea, Talde Parlamentario propio izan dezagun”.
Dena dela, apirilaren 28ko hauteskundeak heldu bitartean, EAJk legegintzaldi honetako “azken minutura arte presionatzen” jarraituko duela aurreratu du Bildarratzek, Euskadiri oraindik eskualdatu gabe dauden 37 transferentziak “ahalik eta gehien gauza daitezen”. Ohartarazi duenez, “Estatuko Gobernuak erakusten duen jarreraren araberakoa izango da gure posizioa datozen hilabeteotan”.
Duela aste batzuk, Gernikako Estatutua bete ez dadin Senatuan onartu zen mozioari dagokionez -PPk, UPNk, Ciudadanosek eta Foro Asturiasek Madrilgo Gobernuari transferentzien eskualdatzea gelditzea exijitu zuten-, Goi Ganberako bozeramaile jeltzaleak azpimarratu du “bereziki mindu gintuena, Euskadiko autogobernua murrizteko proposamena senatari euskaldun batek aurkeztea izatea izan zen; Iñaki Oyarzabalek, Arabako Ahaldun Nagusia izateko aurkeztuko denak”. Horrez gain, gaitzetsi egin du UPNk PPrekin Senatura batera aurkezteko Nafarroan lortu duten akordiora Ciudadanos ere gehitzeko azaldu duen asmoa. “Orain arte UPN Nafarroako foraltasunaren defentsaren bermatzailetzat aurkezten zuen bere burua, baina orain diskurtso hori gabe geratzen da foruen aurkako alderdi politiko batekin ituna lortu nahi izanda. Ciudadanos nafarren eskubide eta foruen aurka dago, baita itun ekonomikoaren aurka. Hau UPNren ahuleziaren sintoma da”.
Kazetarien galderei erantzunez, Bildarratzek “PdeCAT-ek Europako Hauteskundeak ‘proces’ delakoa nazioartera zabaltzeko aukera hartu izana errespetatu eta ulertzen dugula” azaldu du; dena dela, “koalizioan joango garen ala ez Euzkadi Buru Batzarrak baloratuko du”. Gai honetan, EAJko senatariak beste behin ere errepikatu du, “gure lehentasuna Euskadi da, baita Europako Parlamentuan ere, Izaskun Bilbaok Euskadiko interesen alde Bruselan egin duen lana denek onartzen dute”.
Nabarmenak...
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/19
Senatua
2024/11/19
Berri ikusiagoak...
Bizkaia
2023/07/02
Senatua
2023/11/21
Senatua
2023/10/03
Senatua
2023/11/08
Senatua
2023/04/19