Prentsa Aretoa

2019/04/13

Aitor Estebanek Euskadiko gazteriari ohartarazi dio Madrilen “ahots propioa” izan beharraz, “bidean datozen asmo birzentralizatzaileei aurre egin diezaiegun”

Tolosan gaur egin den EGI Egunaren kariaz, Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak aldarrikatu du EAJ-PNVren ibilbidea, bere lidergoa nabarmendu du eta gazte jeltzaleei eskatu die alderdiaz “harro sentitzea”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Aitor Estebanek, apirilaren 28ko hauteskundeetarako Bizkaiko zerrendaburu jeltzaleak Euskadiko gazteei proposatu die gaur euskal aberriaren eraikuntzan konpromisoa hartzera “etorkizuna denon artean erabaki behar dugulako” eta “herri honek beharrezko duelako euskal gazteria politikan inplikatzea, kulturan, lanean eta ataza solidarioetan”.

Tolosan, EAJ-PNVren gazte erakundeko kideekin egin den EGI Egunaren kariaz, Estebanek baieztatu du EAJren alde emaniko botoak “laguntzen duela” herrigintzan, eta gazte jeltzaleei eskatu die alderdikide izateaz harro sentitzea.

“Alderdi honek herri honen aldeko apustua egiten jakin izan du eta herri hau hazi arazi du. Egunez egun nazio indartsuago bihurtu du. Mundura irekita dagoen nazioa. Egunez egun gero eta bidezkoagoa eta solidarioagoa. Benetan diotsuet EAJk herri hau lideratu izan ez balu, ez ginatekeela gaur garena izango, ez sentimenduetan, ez autogobernuan ezta gizarte eskubideetan ere”, esan du.

Estebanek Jesús Insausti “Uzturre” zenaren belaunaldia ekarri du gogora. Uzturre EAJ-PNVren EBBko presidente izan zen 1985ean. Belaunaldi “itzela, eskuzabala, eredugarria” “konta ezin dena sufritu zuten” eta orduko burukideek, erbestera irtetea izan zezaketen arren, bertan geratu ziren eta Diktaduraren ondoren EAJ altxatzea eta biziberritzea lortu zuten. Estebanek era berean adierazi du emakume eta gizon haien kemena izan zela 16 urte zituelarik politikan sartzera eraman zuena.

Zentzu berean eta EAJ-PNVren historia eta Alderdia “hitz egiteko, negoziatzeko, hitzartzeko” sortu zela aldarrikatu ondoren, Estebanek ohartarazi die “ekaitza dakarren arren, inork ez gaitu gure bidetik aldenduko”. Era berean nabarmendu duenez “hiritargoaren bizitza kalitatea hobetzeko aukera guztiak baliatuko ditugu, gure autogobernua defendatzeko eta areagotzeko Madriletik datozen aire birzentralizatzaileei aurre eginez. Egunez egun gero eta Euskadi askeagoaren alde borrokatuz”.

Ildo beretik, hautagai jeltzaleak zera iragarri die gazteei “Erronka handiak ditugu Madrilen” eta berretsi duenez “han egon behar dugu euskal interesen alde egiteko”. “Euskadik ahots propioa behar du, estatuko indar politikoaren mende jarriko ez dena, esloganetatik harago akordioak lortzeko eta konponbideak aurkitzeko gai izango dena”. Hala baieztatu du EAJ-PNVk horixe egin duela “eta berriz ere egingo dugula”.

Bestalde, EGIko kide den Aitana Agirrek azpimarratu du egun gazteek Giza Eskubideen inguruan “geroz eta kontzientzia handiagoa” hartzen ari direla eta adibide gisa jarri ditu azkenaldiko mobilizazioak. “Erreferente etiko hain aldakorrak dituen gizarte honetan, guk, gazte erakunde eta alderdi bezala, gure baloreak erakutsi eta irakatsi behar ditugu”, esan du Tolosako Alhondegian, EGIko gazteez inguratuta. Euzko Alderdi Jeltzalea eta Euzko Gaztedi zertarako sortu ziren “ozen eta beldurrik gabe” aldarrikatzeko deia egin du. “Euskal estatu burujabea sortzeko jaio ginen, eta ez beste ezertarako”, Agirreren hitzetan, eta horren zalantzarik ez izateko esan du, “lehenago baino beranduago” lortuko dugu.

Datozen hauteskundeetan parte hartzeko deia eginez amaitu du Agirrek, eta Xabier Arzalluz izan du gogoan. “Botoz boto, herriz herri, historia egin behar dugu, historia egingo dugu, hori baita azken finean politika”, gogoratu du EGIko kideak.

Azkenik, Tolosako alkate, eta maiatzeko hauteskundeetarako alkategai den Olatz Peonek pozez hartu du Egi Eguna Tolosan ospatzea, eta balioan jarri du, hauteskunde garai honetan herriz herri egiten ari diren lana, programak eta lan taldeak osatzen, baina gehitu du lan horrek duen garrantzia galdu dezakeela “gure herriaren arima eta izena egunero-egunero babesten ez badugu”.

Ezagutu Gure Senatariak