Prentsa Aretoa

2019/04/13

"Euskadik apirilaren 28an izango du jokoan Euskadi gehiago izatea edo Madril gehiago izatea", ohartarazi du Andoni Ortuzarrek Laudion

EBBko presidenteak Oyarzabal eta Marotorori txarretsi die Espainiako Parlamentuan euskal autogobernuaren kontra egiten ari diren gurutzada, eta Casadori gaitzetsi ez izana deitoratu diete: “Esaten duen gauza bakoitza da euskal hiritarren kontrako iraina”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek euskal hiritarrei adierazi nahi izan die zein garrantzitsuak diren apirilaren 28ko hauteskundeak, hauteskunde hauetan Euskadik jokoan izango duelarik “Euskadi gehiago izatea”, EAJren helburua, edo “Madril gehiago izatea”, Alderdi Popularreko hautagaiek eta PSOE eta Podemoseko hainbatek ere nahi duten bezala. Laudion egin den ekitaldi politikoan Ortuzarrekin batera hitz egin dute Mikel Legarda Kongresurako hautagai arabarrak eta Almudena Otaola Senaturako hautagai arabarrak. Ortuzarrek esan du Javier Maroto eta Iñaki Oyarzabal popularrak direla beren presidente Pablo Casadok Euskadiren kontra jaurtikitzen dituen irainen errudunak “esaten duen gauza bakoitza euskal herritarren gehiengoaren kontrako iraina dela ez esateagatik, gure erakundeen, gure autogobernuaren eta gure historiaren kontrako iraina dela esateko behar den ausardia politikoa ez izateagatik”.

Ortuzar ez da oso harrituta agertu inkestek “ia desagertutzat” jo dutelako Euskadiko PP alderdia, eta arabar guztiei erronka bat proposatu die A-28ra begira: “Marotok eta Oyarzabalek titulu bat gehiago izan dezatela Madrilgo curriculumean: diputatu ohi eta senatari ohi izan daitezela”. Eta azaldu du zergatik merezi duten. “Papeloi ederra Oyarzabalena, Senatuan, bere hitzekin eskatu duenean Gernikako Estatutua bete gabe geratzea, Euskadira eskuduntzak transferitu ez daitezela, itxuraz defendatzen duten legea bete gabe gera dadila. Horrenbesteko zentzugabekeriaren aurrean beren nagusien aurrean planto ez egiteagatik, beste lan batzuetara dedikatzea merezi dute. Merezi dute, Madrilen Araba eta Euskadi ez defendatzeagatik”, baieztatu du. EBBko presidenteak bai aitortu du “ikaratuta” sentitzen dela Casadok botatzen dituen astakeria eta irainengatik “esaten duena benetan sinesten duelako, euskal autogobernuaren kontrako mehatxuak, euskararen eta euskal hezkuntzaren kontrako irainak… Ez dute euskal autogobernurik nahi. Espainia gehiago nahi dute eta Euskadi gutxiago. Zentralismoa nahi dute. Dena agindu nahi dute Madriletik. Espainia gehiago nahi dute eta Euskadi gutxiago. Nahi dute eta esaten dute. Horregatik, inor ez dadila nahastu: hauteskunde hauetan Euskadik jokoan izango du gaur egun Euskadi den guztia. Euskadik jokoan dauka Euskadi gehiago izatea edo Madril gehiago izatea”. PPri , baina baita Pedro Sanchezi ere “Moncloan jarraitzen badu”, jeltzaleen buruak ohartarazi die mahai gainean Euskal Agenda izango dutela “gure autogobernua, ekonomiaren eta euskal gizarte osoaren interesak”. Aiara bailaran Euskal Agenda da beira, hoditeria eta egur lantegien argindar tarifa merkatzea. Euskal Agenda da Goi Nerbioiko saneamendua, EAJren lanari esker desblokeatu dena. Eta Euskal Agenda da Aretako geltokian lur azpiko pasabidea egitea, azken egunotan amaitu dena eta egin ahal izan dena EAJk 2017ko Estatuko Aurrekontu Orokorren negoziaketan sartu zuelako. “Orain Bilduko alkateak eta Laudioko udal gobernuak argazki bat egin dute beraiek lan hori lortzeko ezer egingo balute bezala… eta ez dute ezer ere egin. Beno, gauza bat bai egin dute: lan horren kontra bozkatu dute Madrilen. Kontra bozkatu dute! Eta orain argazkia egiten dute! Hori bai koherentzia!. Bada, hori dena, argindar tarifa, Goi Nerbioiko saneamendua eta Aretako geltokiko lur azpiko pasabidea dira Euskal Agenda, EAJren Agenda”, amaitu du Ortuzarrek.

Kongresurako zerrendaburu jeltzale Mikel Legardak hitz egiteko izan duen tartean esan duenez “EAJ-PNV da Arabako eta Euskadiko pertsonei benetan arduratzen diguten gauzak mahai gainean jartzen dituena: oparotasuna eta garapen ekonomikoa, ongizatea, kalitatezko enplegua babestea eta lan prekarioari aurre egitea, elkarbizitza anitza, etorkizuna gure esku izatea erabateko autogobernuaren bidez”. Legardak baieztatu duenez “EAJ-PNVk baino ez dio lanari ekin, berak baino ez du agindutakoa bete”, “bien bitartean, beste batzuek, Madrilen, hooliganen antzera jardun dute, harresiak eraikitzen zubiak eraiki beharrean, polarizazio eta blokeak lantzen, diskurtso zaratatsuak egiten, polemika antzuetan murgilduta, erdizkako egiak esaten, inestabilitatea ereiten”. Arabako diputatuak argi utzi nahi izan du EAJ-PNVk politika egin duela “politikagintzan aritu da, eztabaidatu du, negoziatu du, hitzartu du eta programa bat bete du”. Horra hor Euskadirentzat eta Arabarentzat ekarri ditugun lorpen guztiak”.

Senaturako Arabako hautagai jeltzale Almudena Otaola izan da Laudioko ekitaldi honen hasierako hitzak esan dituena . Okondoarrarentzat “argi baino argiago geratu da Euskal Taldea erabat erabakigarria izan dela Madrilen”. Ez dago beste alderdirik bere borondatez Euskadirekin hitzeman denik. Helburu hirukoitza dugu: eskatzea, gogoratzea, aldarrikatzea. Legebiltzar talde indartsua behar dugu Euskal Agenda etengabe aldarrikatzen jarrai dezan”, baieztatu du.

Ezagutu Gure Senatariak