Prentsa Aretoa

2020/04/29

Bildarratzek aurreratu du EAJ-PNVk ez duela parte hartuko Senatuko Autonomia Erkidegoen Batzordeko bileraren erabilera politikoa egiten

Senatuko bozeramaile jeltzaleak Gobernu zentralak probintzien araberako eskema planteatu izana deitoratu du, eta Autonomia Erkidegoek izan beharko luketen betebehar zentrala aldarrikatu du.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Jokin Bildarratzek ziurtatu duenez, biharko Senatuko Autonomia Erkidegoen Batzordeko bileran EAJ-PNVk “ez du parte hartuko PPk sortu nahi duen tentsionamenduan eta egin nahi duen erabilera politikoan”. Duela hilabete EAJ-PNVren babesarekin Batzordea deitzea ahalbidetu zenean agertu zuen planteamendua berretsi du Goi Ganberako bozeramaile jeltzaleak, hain zuzen ere, krisiaren gestioan Autonomia Erkidegoei ahotsa ematearena (Euskadiko ordezkaria Eusko Jaurlaritzaren Bozeramaile, eta Gobernu Publiko eta Autogobernu sailburu Josu Erkoreka izango da biharkoan). Bildarratzek ziurtatu duenez, “propositiboak izango gara eta posizio eraikitzailea izango dugu”.

Euskal Telebistari emandako elkarrizketan, Pedro Sanchezek atzo aurkeztu zituen deseskalatzerako neurriez galdetuta, senatari jeltzaleak deitoratu egin du probintzien araberako eskema planteatu izana, eta Autonomia Erkidegoek izan beharko luketen betebehar zentrala aldarrikatu du. “Probintziarena XIX. mendeko unitatea da, nolabaiteko esanahi politikoa duena. Alarma egoerak babestu ditugunean elkarlanean aritzeko planteatu dugu eta, gure kasuan, Eusko Jaurlaritzaren bitartez egin beharko litzateke”. Etorkizuneko bozketetan Gobernu zentralari berriz babesik ez emateko aukeraz galdetuta, Bildarratzek Euskal Taldeak PSOEren neurriei zenbait erresoluzio aurkeztuko dizkiola aurreratu du. “Zehaztasun eta informazioa falta dute, eta berau lehen bai lehen helaraztea espero dugu Euzkadi Buru Batzarrak posizionamendua egin dezan”. Beste behin, elkarlanaren garrantzia nabarmendu du: “Aginte bakarra azpimarratu nahi horrek ez digu laguntzen; oso zaila da konplizitatea lortzea. Ez goaz bide onetik elkarlanean edota bakoitzaren errealitatea kontuan hartu gabe lan eginez gero”.

Azkenik, Bildarratzek uda honetan Euskadiko hauteskunde autonomikoak egiteari buruz eztabaidatzeko eskubidea defendatu du. “Sozietateetara, jatetxeetara edo hondartzara noiz joan ahal garen eztabaidatu ahal badugu, zergatik ezin da eztabaidatu hauteskundeak noiz egin ahal diren?”. Nabarmendu duenez, Legebiltzarra deseginda izanik, “beharrezkoa da Jaurlaritza eta Legebiltzar sendoa izatea” datozen erronkei aurre egiteko. Gogoratu du, baita ere, deseskalatze fase bakoitzaren helburuak beteko balira, ekainaren amaieran ‘normaltasun berrian’ egongo ginatekeela eta, honenbestez, hauteskunde prozesua egin ahalko litzatekeela “gutxieneko osasun irizpideak betez”. Bildarratzen iritziz, irizpide hauek bihar jarri beharko dira mahai gainean Urkullu Lehendakariak deituta Euskadiko alderdi guztien bozeramaileekin egingo den bileran. “Ea zer neurri proposatzen dituzten. Otegiri entzun diogu orain ez dela konfrontaziorako garaia, baina horixe da azken sei hilabeteotan egiten ari dena; nik ez dut ikusten elkarlanean ari denik”.

Ezagutu Gure Senatariak