Prentsa Aretoa

2020/05/21

Euskadiko Kanpo Ekintza errespetatzea eskatu du EAJ-PNVk

Luke Uribe-Etxebarriak aldeaniztasuna defendatu du COVID-19ari aurre egiteko.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Luke Uribe-Etxebarria  EAJ-PNVko senatariak Kanpo Ekintza, Europako Batasuna eta Lankidetza Ministro andre Arancha González Layari eskatu dio Euskadiko Erakundeen Kanpo Ekintza errespetatzea Europan eta nazioarte mailan. Zentzu berean eskatu du kanporako proiekzioan “Gobernu zentralak Espainiako estatua aurkez dezala Estatu nazioanitz, kulturanitz eta eleanitz gisa”.

Senatuaren bilkuran, ministro andrearen agerraldian, Uribe-Etxebarriak defendatu du Europako Batasunean Euskadiko parte hartzean sakondu beharra dagoela  “zuzenean eta eraginkortasunez”, EBren Ministro Kontseiluaren formazio ezberdinetara zabalduz eta, bereziki, Ecofin-era eta Barne eta Justizia gaietarako Konteilura (JAI). “Bruselan-, nabarmendu du- erabaki asko hartzen dira Euskadiko erakundeen eskumenekoak direnak, eta Euskadiren izenean Espainiako gobernuak Batasuneko erabakiak hartzen baditu, horrek esan nahi du gure Autogobernua are gehiago indargabetzen ari direla”. “Hori konpondu beharra dago eta espero dugu epe laburrean elkarrizketari berriro ekitea Alde biko Batzordean”, zehaztu du.

Uribe-Etxebarriak era berean erreklamatu du Euskadiren parte hartzea ahalbidetzea  irailetik aurrera Europaren Etorkizunari buruz egingo den Europako Konferentzian, bere aburuz EBren baitan diren Estaturik gabeko nazioen egituraketa jorratu beharko delarik. “Parte hartu nahi dugu Europaren garapenari laguntzeko eta eskatzen dugu Konferentzia horretan jorratzea EBko Maila Anitzeko Gobernantzaren arkitektura, Euskadi moduko Estaturik gabeko nazioak aintzat hartuak izan daitezen”, eskatu du senatari jeltzaleak. Zentzu berean azpimarratu duenez "Europako Batasunaren egungo krisia estatu kideek eragin dute", eta "Euskadi bezalako Estatu gabeko nazioak Europa indartsu baten aliaturik onenak gara, ez baitugu armada propiorik edo moneta propiorik izateko asmorik, adibidez", azpimarratu du.

Halaber, "Euskal Euro-erregioaren baitan mugaz gaindiko harremanak errazteko" eskatu dio Ministroari, "Nazioarteko erakundeetan, hala nola NBEn, parte hartzeko eta ekarpenak egiteko dugun eskubidea errespeta dezan Euskadik eskumena duen gaietan". "Ez goaz inoren aurka, baizik eta Euskadiko errealitatea ikusaraztera eta ideiak eta esperientziak trukatzera, ekarpenak egiteko eta ikasteko eskema baten barruan".

COVID-19ak globalizazioan izan dituen ondorioei dagokienez, senatariak aldaketa estrategikoak iragarri ditu, bai eta azken hamarkadetan izandako zenbait joera geopolitiko, geoekonomiko eta geoteknologikoren bizkortzea ere. Horregatik, konponbide globalak eskatu ditu krisi globalaren aurrean. "Hain desordenatua den mundu hau antolatzeko, multilateralismoaren eta erakunde multilateralen aldeko apustu garbia egiten dugu, gehiago eta hobeto jardun behar baitute, eta giza duintasuna, bakea, errespetua eta herrien arteko adostasuna eta ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren oparotasuna errespetatzea izan behar dute helburu. Herritarra erreskatatu behar da, eta demokrazia eta politika berreskuratu eta berriz bultzatu, arrisku autoritario eta isolazionisten aurrean. Globalizazioa demokratizatzea edo demokrazia globalizatzea. Euskadiren etorkizunaren zati handi bat globalizazioan jokatzen da, eta Herri baten duintasuna ez da neurtzen ez biztanle kopuruaren arabera, ezta lurraldearen kilometro koadroen arabera ere", ezarri du.

Ezagutu Gure Senatariak