Prentsa Aretoa

2020/05/25

Krisiari aurre egiteko orduan enplegu-politika aktiboak indartzeko beharra defendatu du Nerea Ahedok

EAJ-PNVko senatariak kritikatu du Autonomia Erkidegoek prestakuntzarako jaso behar dituzten baliabideak Gobernuak prestazioetarako desbideratu izana: "Enplegua jaisten bada, handitu egin behar da enpleagarritasunean egin behar den inbertsioa".

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Nerea Ahedok esan du beharrezkoa dela une honetan enplegu-politika aktiboak indartzea, eta kritikatu egin du Espainiako Gobernuak, bere kabuz, prestakuntzara bideratutako kotizazio sarrerak desbideratu dituela, prestazioetara bideratzeko. EAJ-PNVko senatariak Lan, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazioetako ministroaren aurrean agerian utzi duenez, "Enplegua ere prestakuntzaren mende dago; uste dugu enplegua gutxitzen bada, enpleagarritasun alorrean egiten den inbertsioa handitu behar dela, eta zuek dirua kentzen diezue Autonomia Erkidegoei. Diru hori ez da zuena eta ez dagokizue kudeatzea".

Ordezkari jeltzaleak EAJ-PNVk enplegu-politika aktiboen alde egindako apustu irmoa aldarrikatu du Yolanda Diaz Ministroaren aurrean, eta ohartarazi dio, bere Gobernuak hartutako neurria justifikatzeko, ez dezala esan COVID-19ak ekarri dituen ondorioengatik diru hori ezin izango dela Autonomia Erkidegoetan baliatu eta beraz, ustez, diru hori kutxako soberakin gisa utziko dutela. "Batzuek bai beteko ditugu aurreikuspen horiek, baina zegozkigunak baino baliabide gutxiago izango ditugu; politika hauek martxan jartzen ditugu eta emaitzak lortzen ditugu", ziurtatu du.

Ahedok Ministro andreari eskatu dio neurriak hartzeko Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak onartutako ABEEEen izapidetzea azkartu dezan, "milaka langilek 72 egun baitaramatzate sorospenik jaso gabe". Halaber, sektore batzuetan behar beste ABEEE egongo ote diren galdetu du, edo enpresentzako trantsizio arinagoak eta malguagoak egiteko aukerarik planteatzen ote duen, zubi-neurriak hartuz edo hobariren bat egokituz. Ildo horretan, kezka agertu du joan den astean mahai soziala hautsi zelako, eta horrek "ez du egoerarik onena ematen egungo egoeran baliozko konponbideak bilatzeko".

Ugazaberiak  mahai soziala uztea eragin zuen lan-erreformaren indargabetzearen iragarpenari dagokionez, senatariak adierazi du EAJ-PNV ados dagoela "hura berrikustearekin eta aldatzearekin; askotan adierazi dugu eta bere garaian aurka bozkatu genuen"; hala ere, Ministro andreari eskatu dio "egoera bideratzera begira denon konfiantzak bilbatzen saiatzea halako gai garrantzitsu batean inplikatutako eragile guztien parte-hartzea ezinbestekoa baita".

Ezagutu Gure Senatariak