Prentsa Aretoa

2020/05/26

Euskadiko ikus-entzunezkoen industriari kasu egitea eskatu dio EAJ-PNVk RTVEri

Luke Uribe-Etxebarria senatariak Euskadiko industria zinematografikoaren kalitatea nabarmendu du, eta krisi egoeran ere film luzeak ekoizteko laguntzei eustea defendatu du.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Luke Uribe-Etxebarria EAJko senatariak RTVEko behin-behineko presidente bakarrari eskatu dio film luzeak ekoizteko laguntzei eustea, COVID-19ak eragin negatiboa izan arren. Era berean eskatu du arreta berezia jartzea "kalitate kontrastatua" duten proiektuetan, "Ikus-entzunezkoen euskal industrian egiten direnetan", esate baterako. Erakunde publikoari kontrola egiteko Batzorde Mistoan Rosa Maria Mateori egindako galdera batean, bozeramaile jeltzaleak babestu egin ditu laguntza horiek, pandemiaren ondoriozko krisi ekonomikoak, sektore ekonomiko guztiei eragiten dienak, larriki eragiten diolako sektore kulturalari eta, horren barruan eta bereziki, ikus-entzunezkoen industriari.

Uribe-Etxebarriak azaldu duenez, "Europako ikus-entzunezko industria, diru-sarrerengatik, BPGari egindako ekarpenagatik eta langile kopuruagatik kultur industria handienetako bat da , enpresa txikiek eta autonomoek osatzen dute nagusiki, eta horrek oso egoera ahulean jartzen du", ohartarazi du. "Krisiak oso egoera zailean jarriko ditu produktore asko, eta domino efektua hasiko du langile guztiak egoera larrian jarriz: aktoreak, freelance teknikariak, hornitzaileak, banatzaileak, salmenta-agenteak, publizitate agentziak… Milioika langile", iragarri du.

Aldi berean, EAJ-PNVko senatariak "ekoizpenak deszentralizatzeko eta dibertsifikatzeko ahalegina" egitea eskatu dio RTVEri, "Lan hori beste leku batzuetara ere eramanez, Euskadira, adibidez"; izan ere, gaur egun, ikus-entzunezko ekoizpenaren % 90 baino gehiago, oro har, eta fikziozkoaren % 90, bereziki, Madrilen ekoizten da, RTVEk eta estatuko eta nazioarteko kate eta plataformetako erabakigune guztiek egoitza bertan dutelako. "Euskadik, ordea, profesional bikainak, ekoizleak, produkziorako ekipamendu teknikoak, platoak, post-produkzio estudioak eta lehen mailako laborategi digitalak ditu", aldarrikatu du senatariak, eta euskal ekoizpenaren adibide gisa aipatu ditu 'Aupa Etxebeste', 'Agur Etxebeste', 'Loreak', 'Handia', 'La trinchera infinita', 'El Hoyo', 'Ventajas de viajar en tren', eta 'Elkano, La primera vuelta al mundo' animaziozko filmea.

Ezagutu Gure Senatariak