Prentsa Aretoa

2020/06/26

RTVEk Estatu nazioaniztun, kulturaniztun eta eleaniztunaren errealitatea isla dezala eskatu du EAJ-PNVk

Luke Uribe-Etxebarria senatariaren galderei erantzunez, erakunde publikoko presidenteak RNE Euskadin euskaraz emititzeko formulak aztertzen ari dela aurreratu du.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Luke Uribe-Etxebarria EAJ-PNVko senatariak "RTVEk bere programazio osoan Estatu nazioaniztun, kulturaniztun eta eleaniztunaren errealitatea islatzea" eskatu du. RTVEko administratzaile bakarra den Rosa Maria Mateori egindako galdera batean, bozeramaile jeltzaleak "Estatuan nazio, kultura eta hizkuntza desberdinak elkarrekin daudela eztabaidaezina eta agerikoa" dela adierazi du, eta "izaera publikoa duen RTVE bezalako korporazio batek, eta euskal herritarrok bere aurrekontuaren %6'24rekin laguntzen dugunak, kontuan hartu behar dituena".

Estatuaren izaera plurinazionalari dagokionez, senatari jeltzaleak gogorarazi du Gernikako Estatutuaren lehen artikuluak "herritartasun izaera duen Herri izaera" ematen diela euskal herritarrei, eta, beraz, "oso erraza da termino hori nazioaren ezaugarri bat dela ondorioztatzea". Beraz, “guretzat Euskadi Nazio bat da", azpimarratu du.

Uribe-Etxebarriak adierazi duenez, RTVEko langileek "errespetua eta askatasuna behar dute lan profesionala garatzeko". Hala ere, "beren lana ikuspegi alderdikoitik aztertzeko akatsean erori gabe, beren lana ebaluatu egin behar da, eta zintzotasun profesionalaren printzipioaren arabera herritarren zerbitzura garatzeko eskatu behar zaie, herritarrek gizarte demokratiko batean parte hartu eta eskubide politikoak gauzatu ahal izan ditzaten". Zentzu horretan, "Euskadiren errealitate nazionala agerikoa da eta, ondorioz, RTVEk errealitate horri zintzo eta profesionalki erantzun behar dio".

Rosa Maria Mateo RTVEko behin-behineko presidente bakarrak, bere aldetik, euskararekiko errespetua eta aintzatespena adierazi ditu, baina RTVEn ez dela behar bezala erabiltzen aitortu du. Horren harira, Radio Nacional de Españan "Euskal Herriko emisioetan euskara entzun dadin formulak aztertzen" ari direla aurreratu du, baina "asmoa hori bada ere, horretarako aurrekontua ere" behar dela ohartarazi du. Era berean, Rosa Maria Mateok RTVEren parte-hartzea nabarmendu du euskal eta euskarazko ikus-entzunezko eta zinema ekoizpen askotan.

Ezagutu Gure Senatariak