Prentsa Aretoa

2020/12/09

EAJ-PNVk Europako gutxieneko soldata ezartzea defendatu du

Luke Uribe-Etxebarria senatariaren ustez, "soldata egokiak EBko merkatuko ekonomia sozialaren ereduaren funtsezko osagaia dira".

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVko Luke Uribe-Etxebarria senatariak, EBrako Batzorde Mistoak gaur egindako bileran, "Europako gutxieneko soldata ezartzea funtsezkoa" dela defendatu du, "bizi eta lan baldintza duinak ziurtatzeko, baita ekonomia eta gizarte zuzen eta erresilienteak eraikitzeko ere, horrela Europar Batasunean oparotasun partekatua lortzeko".

Uribe-Etxebarriak, Europako gutxieneko soldatari buruzko Europako Batzordearen zuzentarauaren proposamenari buruzko txostenari dagokionez, honako hau adierazi du Gorteetan: "Bizi eta lan baldintzak hobetzeak, bereziki gutxieneko soldata egokiei esker, Batasuneko langile eta enpresei mesede egiten die", "EBko lan merkatuaren ekitatea hobetzen, produktibitatearen hobekuntza sustatzen eta aurrerapen ekonomikoa sustatzen laguntzen duelako". "Merkatu bakarreko lehiak berrikuntzan eta produktibitatearen hobekuntzan oinarritu behar du, baita estandar sozial altuetan ere", azpimarratu du.

Senatari jeltzaleak azaldu duenez, "gutxieneko soldatak kopuru egokietan ezartzen badira, horien babesak Europako langileei bizitza duina bermatzen die, Batasunean lan egiten duten toki guztietan, barne eskariari eusten laguntzen du, lanerako pizgarriak indartzen ditu eta okupatuen pobrezia zein soldata banaketaren behealdeko desberdintasuna murrizten ditu". Halaber, "gutxieneko soldata babesteak genero berdintasunari ere laguntzen dio; izan ere, emakume gehiagok jasotzen dituzte gutxieneko soldataren inguruko lansariak".

Azkenik, Uribe-Etxebarriak esan du Europako gutxieneko soldata egokia ezartzeak, "Estatu bakoitzeko praktiken arabera eta solaskide sozialen autonomia errespetatuz", "oparotasunaren, aurrerapenaren eta konbergentziaren aldeko Europako promesa betetzea ekarriko luke, eta Europa soziala guztiontzako errealitate bihurtzea".

Ezagutu Gure Senatariak