Prentsa Aretoa

2021/12/15

EAJ-PNVren ekimenez, Gorte Nagusiek Europako Funtsen gaineko kontrola indartu dute

Luke Uribe-Etxebarria senatariaren iritziz, Estatuko Gobernuak nabarmen hobetu behar du Europako Funtsei buruz ematen duen informazioa.

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVren ekimenez, Gorte Nagusiek Europako Funtsen gaineko kontrola indartu dute

ARGAZKIA JAITSI

Europar Batasunerako Batzorde Mistoak EAJ-PNV Taldeak aurkeztutako mozioa onartu du gaur Estatuko Gobernuak Europako Funtsen Berreskuratze eta Erresilientzia Planari buruz Gorte Nagusietan kontu gehiago eman dezan eta gardentasuna areagotu dezan. Ekimenak Talde guztien babesa izan du, PSOE eta Unidas Podemosen ezezko botoa izan ezik.

Horrenbestez, Gobernuari gutxienez bi hilean behin Batzordean ager dadila eskatzen zaio Planaren aurrerapenen berri emateko, ez hiru hilean behin, orain arte bezala, “esperientziak esaten digulako galdera asko geratzen direla beti airean”, Luke Uribe-Etxebarria Batzordeko bozeramaile jeltzaleak zehaztu duenez. Era berean, onartutako testuak eskatzen du Gobernuak modu argian, sistematikoan, egituratuan eta atzerapenik gabe bidal ditzala Gorteetara planarekin eta EEMrekin lotutako informazio eta dokumentu ofizial guztiak, Gorteek beren balorazioak eta ekarpenak egin ditzaten.

“Ezin da esan Gobernua Planari buruzko informazioa ematen ari ez denik, baina uste dut ez dela behar bezala ari eta hobetzeko neurri ugari sar daitezkeela”, azaldu du Uribe-Etxebarriak. “Modu zehatzagoan eta hobean eman daiteke informazioa eta eman behar dira kontuak. Izan ere, bidegabekerien, manipulazioen eta salaketa faltsuen aurkako antidotorik onena, hain zuzen ere, gardentasunean sakontzea eta Europako Funtsei buruzko kontuak Parlamentu honetan ematea da. Gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu onaren arauak izan behar dira ekintza politiko ororen funtsezko ardatzak”.

Onartutako mozioan jasotzen diren informazio- eta zenbaketa-eskaerak Europako Parlamentuari Europako Funtsen kudeaketari eta betearazpenari buruz Batzordearen eta Kontseiluaren gainean egiten duen kontrolean emandakoen berdinak dira.

Ezagutu Gure Senatariak