Prentsa Aretoa

2022/02/24

EAJ-PNVk proposatuta, Senatuak gaueko tarifa elektrikoa sortzea eskatu du enpresei kostuak merkatzeko

Mertxe Garmendiak tarte hori sustatzeko hobariak aplikatzea proposatu du, betiere kontratatutako potentziaren erabileraren %45 gutxienez hartzen badu.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNV Talde Parlamentarioaren ekimenez, Senatuak gaur onartu du Espainiako Gobernuari eskatzea gaueko tarifa elektriko bat sortzeko, enpresek energia-kostuak merkatzeko aukera izan dezaten. Mertxe Garmendiak Industria, Merkataritza eta Turismo Batzordean aurkeztutako mozioak zazpigarren tarifa-tarte bat sartzea proposatzen du, 22:00etatik 07:00etara, egungo sistema osatzen duten sei tarifetatik harago. “Analisten arabera, %40 baino gehiago aurreztuko litzateke sarera sartzeko fakturan, eta horrek industriaren lehiakortasuna hobetuko luke”, ziurtatu du senatariak, “eta, aldi berean, trantsizio energetikoa azkartuko luke”.

Garmendiak adierazi duen bezala, iazko ekainean onartutako tarifa-sistemak %16 igo du enpresen kostuen batez bestekoa, eta azken hilabeteetan izandako prezioen igoera gehituz gero “ezin gara geldirik egon; talka-neurriak hartu behar dira, bai egiturazkoak, bai teknikoak”, azaldu du. “Egungo egoera ekonomikoak gaueko energia-kostuak premiaz merkatzea eskatzen du, industriak une zaila igarotzen ari baitira”.

Enpresak tarifa berri horretara aldatzea are gehiago sustatze aldera, jeltzaleen ekimenak hobariak aplikatzea ere proposatzen du, eta hobari horiek definitzea eta eratzea Espainiako Gobernuaren esku geratuko litzateke. Era berean, erakargarriagoa izan dadin, hobari horren likidazioa hilerokoa izatea proposatu da, industriak bere ekoizpena gaueko txanda horretara errazago egokitu edo alda dezan. Bestalde, “pikareska saihesteko, beharrezkoa litzateke P7 aldi horretan kontratatutako potentziaren erabilera-koefizientea %45ekoa edo handiagoa izatea”, gaineratu du Garmendiak.

Azkenik, senatari jeltzaleak ohartarazi du sistemaren sare elektrikoak kontsumo txikiko orduetan gehiago erabiltzeak sare horietan inbertitzeko beharrak murriztuko lituzkeela.

Ezagutu Gure Senatariak