Prentsa Aretoa

2022/09/07

Nerea Ahedok migratzaileentzako bide seguruak ezartzeko beharra azpimarratu du

PSOEri aurpegiratu dio Gasteizen babestu zuen eskaera bat baztertu duela, eta EH Bilduri euskal administrazioekin “garratza” izatea eta Espainiako Gobernuaren aurrean “amore ematea” eskumena honi dagokionean

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Nerea Ahedok Espainiako Gobernuari eskatu dio Europako agintariei jakinarazteko migratzaileak lekualdatzeko bide seguruak ezarri behar direla. EAJ-PNVko senatariak eskakizun hori berretsi du, Frantziako polizia-agintariek mugen kontrolak gogortu zituztenetik Bidasoa ibaian ito diren bederatzi pertsonen inguruan EH Bilduk aurkeztutako mozio baten eztabaidan, PSOEren zuzenketa onartu baitu, korridore humanitarioak sortzeko eskaria ezabatu duena.

“Arazoa izena bada, aldatu eta ‘caminos seguros’ edo ‘vías seguras’ jarri dezakegu”, luzatu die Nerea Ahedok, Talde Sozialistari gogoraraziz PSEk ekainean Eusko Legebiltzarrean onartutako legez besteko proposamen bat babestu zuela, non Gobernu zentralari eskatzen zaion Europar Batasunak korridore horiek ezar ditzan. "Gasteizen bai eta hemen ez?", galdetu die senatari jeltzaleak, eta gogorarazi du eskaera hori duela 10 hilabete helarazi ziola Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Espainiako Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazioetako ministroari, erantzunik jaso gabe. “Emendakin hau ikusita, erantzuna jaso duela esan daiteke”, amaitu du.

Ahedok EH Bilduren ekimenari EAJ-PNVk baiezkoa emango diola aurreratu du, baina deitoratu du, negoziatzeak batzuetan uko egitea esan nahi duela onartuta ere, aldaketa horrekin “deskafeinatuta” geratu dela, eta Gasteizko Legebiltzarrean onartutako lege-proposamenarekin alderatuta “asmo gutxikoa” dela. EH Bilduri, berriz, “eskuduna denarekin, estatuko gobernuarekin, irmotasun handiagoa eta hainbeste amore ez ematea” eskatu die eta, aldiz, “hain garratza ez izatea Euskadiko administrazioekin –Udalak, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza-, eskumenik izan ez arren, eskura dituen baliabide guztiak jartzen ari direnak arreta eta harrera egiteko”.

Senatari jeltzaleak salatu du ez dela errespetatzen Europar Batasunean askatasunez ibiltzeko eskubidea, Frantziako polizia-agintarien muga-kontrolekin gertatzen den bezala. “Ezin ditugu heriotza hauek normalizatu. Heriotza bakoitzak inporta du; kanpoko mugetan inporta du, eta inoiz ez genuke pentsatuko barnealdean horrelakorik gerta zitekeenik, Europa iparralderantz doazen pertsonekin”. Azkenik, Ahedok Gasteizen onartutako PNLren beste puntu bat jaso du, eta migrazio gaiak Euskadira transferitzea eskatu du. “Espero dezagun berau ‘onartzeko zail’ edo ‘egokitzeko oso zail’ diren horietakoa ez izatea”, esan du ironiaz, Espainiako Gobernuko presidenteak eta haren Euskadiko ordezkariak egin berri dituzten adierazpenak gogora ekarriz.

Ezagutu Gure Senatariak