Prentsa Aretoa

2023/03/07

Juan Carlos Medinak arrantza jarduera bermatzeko eskatu dio Planas ministroari, Europako Batzordearen muga “bidegabe eta neurrigabeen” aurrean

Salatu duenez, “arrantza ez dirudi sektore estrategikoa denik” Europako Batzordearentzat, eta horrekin “erabat desados gaude”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVko Juan Carlos Medina senatariak arrantza bermatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, Bruselak hartutako neurri “bidegabeak eta neurrigabeak” ikusita. Medinak 2030erako Europako uren %30ean arraste-arrantza egiteko debekua ekarri du gaurko kontrol-saiora, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroari adierazi dionez, “neurri hori arrantza-sektorearen aurkako aurreiritzietan oinarritzen da, eguneratutako datu zientifikoen emaitzetan baino gehiago”. Hala, egungo Arrantza Politika Bateratuak stock-ak eta itsasoko produktuen Europako merkatuaren beharrak mantentzeko eman dituen emaitza positiboak direla-eta, murrizketen “koherentzia eza” azpimarratu du.

Medinak eskatu du proposatutako neurriak bermatzen dituzten ikerketa zientifikoak kontuan izatea, Eusko Jaurlaritzak eskatzen duen bezala, eta “sektorea entzutea eta jaramon egitea”, aldarrikatu du. “Ondarroan eta Bermeon argi dute urteko harrapaketen muga eta kuoten sistemarekin jarraitu behar dela, espezie eta eremu bakoitzeko harrapaketak errespetatuz”, Luis Planas ministroari jakinarazi dionez. “Beharrezkoa da akuikultura-erreserba zaintzea, baina baita arrantza-sektorea eta profesionalak ere. Europako Batzordearentzat arrantza ez dirudi sektore estrategikoa denik, eta horrekin erabat desados gaude”, deitoratu du.

Azkenik, senatari jeltzaleak positibotzat jo ditu ministroak joan den astean gosari informatibo batean egin zituen adierazpenak, zeinetan Europako Batzordea arraste-arrantzaren inguruan egiten ari den deabrutzea eta arrantza-ontzidiaren zati handi batean izan duen eragina deitoratu zuen. Hala ere, jakinarazi duenez, “benetan poztuko gintuzkeena hitz horiek egitateetara eramate izango litzateke”.

Ezagutu Gure Senatariak