Prentsa Aretoa

2023/05/16

Imanol Landak heriotza aseguruak Heriotza Aseguruen Erregistroan sartzeko eskatu dio berriz ere Justizia ministroari, kontsultatu ahal izateko

Gai hori konpontzeko “borondate politikoa” eskatu dio Espainiako Gobernuari eta horretarako beharrezkoa den lege-aldaketa bultza dezala

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVko Imanol Landa senatariak “heriotza aseguruak Heriotza Aseguruen Erregistroan sartzea” eskatu dio berriro Justizia ministroari, kontsultatu ahal izateko. Gaurko kontrol saioan, ordezkari jeltzaleak Pilar Llop ministroari “borondate politikoa” eskatu dio “Espainiako Gobernutik egoera horri aurre egiteko beharrezkoa den lege aldaketa bultzatzeko”.

Imanol Landak abenduan egindako galdera bati heldu dio berriro. Bertan, Pilar Llop ministroari azaldu zion hildako senide batek ehorzketaren berezko zerbitzuak estaliko zituen heriotza-asegurua sinatu izana egiaztatzeko erregistro publikorik ez izateak kontratu horren berri ez zuten senideak aseguru horiek egiaztatzeko hitzartzen dituzten konpainia guztiak banan-banan kontsultatzera behartzen zituela, eta “hori saihestu daiteke Justizia Ministerioaren mendeko erregistro publikoan sartuta”.

Ministroak uko egin zion aukera horri, argudiatuz aseguru horiek ez zutela lekurik inolako zerikusirik ez zuten oinordetza-araudiari zuzenean lotutako erregistro batean, eta gaia Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministeriora igorri zuen, gai horretan eskuduna delakoan. Hala ere, Landa senatariak jakinarazi duenez, Ministerio honek, idatzizko kontsulta bati erantzunez, arrazoia eman dio, heriotza-aseguruak oinordetzaren gaiarekin lotuta daudela egiaztatuz, oinordekoek haien erregulazioan duten inplikazio zuzenetik abiatuta eta, beraz, oinordekoek haien existentzia ezagutzeko duten beharretik abiatuta. “Erantzunak heriotza-aseguruak erreferentziako erregistroan sartzeko aukera bermatzen du, eta erregistro desberdin bat sortzea baino soluzio erraz eta eraginkorrago gisa gomendatzen du”.

Gaur, ministroak berriz ere esan du heriotza-aseguruak ez daudela jasota erregistroa arautzen duen legearen eremu objektiboan, eta horiek inskribatzeko aldaketak egin beharko liratekeela, eta Gobernuari ez dagokiola bere osotasunean lan hori egitea, hori kudeatzeko aurrekontu-baliabideak emateko izango zuen beharraz gain. Imanol Landak bere “dezepzioa” agertu du erantzunarekin eta, azpimarratu duenez, “ez du auzi hori konpontzeko borondate politikorik helarazten”; aitzitik, “errealitate horri ez diozuela aurre egingo helarazten du”, kontuan izanik, gainera, “Gobernuak legearen aldaketa proposatzeko behar den ekimena eta gaitasun politikoa duela. Espero dut erantzun hau ‘ezezko’ bat ez izatea; azken batean, gure eginbeharra herritarrei bizitza erraztea denean”, amaitu du. Horren aurrean, Pilar Llop ministroak, azkenik, konpromisoa hartu du “gestioak abiarazteko lege aldaketa posible bat aztertzeko, horrek aurrekontuetan izango duen eraginarekin”.

Ezagutu Gure Senatariak