Prentsa Aretoa

2023/11/08

Alderdi Popularrak egingo duen Senatuko araudiaren erreforma azkarraren aurka agertu da Beltrán de Heredia

EAJ-PNVko bozeramaileak salatu duenez, legegintza-ekimenak izapidetzeko denborak bere interes politikora bideratzea du helburu, hain zuzen ere, balizko amnistia-legea

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Estefanía Beltrán de Herediak Alderdi Popularrak Senatuaren araudia erreformatzeko proposatutako ekimen azkarrari babesa ematearen aurka agertu da. Bozeramaile jeltzaleak agerian utzi du "PPk bere interes politikoan erabili nahi dituela legegintza-ekimenak izapidetzeko epeak, eta, hain zuzen ere, balizko amnistia legea". Azaldu duenez, PP "burdinazko eskuarekin eta zapalgailuarekin" ari da Goi Ganberan duen gehiengo absolutua gauzatzen, Nuñez Feijook Senatua "erresistentzia ganbera" gisa erabiltzeko esandakoari jarraituz, "Diputatuen Kongresuaren erabaki-guneen kontrolean duen ahultasuna orekatzeko".

Beltran de Herediak ohartarazi duenez, PPren argudioen artean kontraesana dago; izan ere, araudiaren erreforma senatariei dokumentazioa aztertzeko denbora gehiago emateko helburuarekin egiten omen da, baina berau eragiteko ekimena “denbora errekorrean izapidetzen da, taldeok behar bezain sakon aztertzeko denborarik eman gabe". Izan ere, atzo kalifikatu zuen Mahaiak, eta minutu batzuk geroago erantsi zitzaion osoko bilkuraren gai-zerrendari, eta 24 ordu ezarri ziren proposamen alternatiboak aurkezteko. "Printzipio absolutisten pean gehiengo absolutua gehiegikeriaz erabili izanaren beste froga bat da. Parlamentu hau erabiliz bere interes alderdikoien zerbitzura dagoen peoi baten gisa, Espainia defendatzeko aitzakian".

EAJ-PNVk Senatuan duen bozeramailearen iritziz, Alderdi Popularra "huts egiten ari da, eta asko, bere Espainia hau araudia bihurrituz defendatu nahi badu; horrela demokrazia hausten da eta elkarbizitza ere hausten da". Beltran de Herediak erakundeak errespetatzeko, demokrazia zaintzeko eta bizikidetza zaintzeko deia egin die popularrei. Zentzu horretan, Javier de Andres PPren Euskadiko presidenteak alderdi politikoen egoitzen aurrean egindako manifestazioak ‘ariketa osasuntsutzat’ jo izana, PSOEren Madrilgo egoitza nagusiaren aurrean egiten ari diren manifestazioei erreferentzia eginez, “erabateko arduragabekeria politikoa da, are gehiago Euskadin Gobernuaren ordezkari izan zenarengandik, eta horrelako jarrerak bultzatzearen eta txalotzearen ondorioak ondo gogoan izan beharko lituzkeena". Bozeramaile jeltzaleak ondorioztatu duenez, PPk hauteskundeetan izan zuen garaipen eskasak eragin die "animalia zauritua bezala, ultraeskuinaren sokatik eramanda, populismoaren bide arriskutsuetatik" joatea.

Ezagutu Gure Senatariak