Prentsa Aretoa

2024/10/16

EAJ-PNVk bultzatuta, Euskadik 2026ko Iberoamerikako XXX. Goi Bileran parte hartu dezala babestu du Senatuak

Luke Uribe-Etxebarria senatariaren iritziz "zentzu osoa du, arrazoi historiko, ekonomiko eta kulturalengatik"

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVren ekimenez, Senatuko Iberoamerikako Gaietarako Batzordeak Espainiako Gobernuak 2026an Estatuan egingo den XXX. Iberoamerikako Goi-bileran Euskadi sartzearen alde agertu da gaur. Gobernu zentralak antolatzen duen goi-bilera horri buruz Talde Sozialistak aurkeztutako mozio bati zuzenketa bat onartzea bultzatu du Euskal Taldeak, honen bidez, autonomia-erkidegoak "goi-bilera prestatzeko lanetan modu estuan" elkartu daitezela eskatuz, baita “bertako foroetan duten inplikazioa" ziurtatzea ere.

Luke Uribe-Etxebarria senatariak gogorarazi duenez, "Euskadin sentsibilitate eta gertutasun berezia dugu Latinoamerika osoaren errealitatearekin eta bilakaerarekin". "Izan ere, historialari askok dioten bezala, ezin da kontinente amerikarraren historia azaldu euskal ekarpena kontuan hartu gabe hainbat eremutan" eta "gure Herriko iparraldeko zein hegoaldeko euskaldunen ekarpena kontuan hartu gabe", azaldu du. "Horregatik, ez da harritzekoa euskaldun eta euskaldunen ondorengo askok Latinoamerikan bizitzen jarraitzea, euskal Diaspora edota zortzigarren euskal probintzia bezala ere ezagutzen den horretan, eta urteetan zehar hainbat Euskal Etxe irekiz non, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, euskaldun amerikar askok sustraiak gordetzen dituzten, euskarari arreta berezia eskainiz". Gaur egun Euskadi eta Latinoamerika lotzen dituzten harreman politiko, ekonomiko, komertzial eta kulturalak ere azpimarratu ditu Uribe-Etxebarriak. "Horregatik –azpimarratu du-, zentzu osoa du euskal erakundeek 2026an Espainiako Estatuan egingo diren Iberoamerikako Goi Bileretan parte hartu ahal izatea".

Iberoamerikako goi-bilerak 22 estatuak biltzen dituen koordinazio politikorako mekanismo baten parte dira. Horietan, estatuburuek eta gobernuburuek interes komunetan oinarritutako agenda bat eztabaidatu eta lantzen dute. Agenda hori ekintza-programa baten eta Iberoamerikako Lankidetzaren Lau Urteko Ekintza Planen bidez gauzatzen da. Goi-bilera horiei lotuta, Konferentzia Iberoamerikarra osatzen duten ministerio-bilera sektorialen, foroen eta topaketen egutegia garatzen da. Espainiako Estatuan egingo den XXX. Goi Bileraren helburu nagusia sistema berresteko etapa berri bati ekitea da. Etapa horretan, lehentasunezko jardun-arloak batera identifikatuko dira, interes komuneko gaiek markatutako agenda baten testuinguruan.

 

Ezagutu Gure Senatariak