Prentsa Aretoa

2025/05/21

EAJ-PNVk aditu independenteen analisiari itxarotera deitu du itzalaldiaren arrazoiak eta erantzuleak zehazteko: “Ez dugu ezer ez inor errudun edo errugabetzat joko"

Igotz Lópezek garraio elektrikoko sareetan inbertsioak bizkortzeko eskatu dio Sara Aagesen ministroari. "23 enpresa-proiektu ditugu Euskadin ezin ezartzeko arriskuan, ez dutelako non entxufatu"

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVko Igotz Lopez senatariak Europako aditu independenteen panelaren emaitzetara itxarotea eskatu du apirilaren 28ko itzalaldi elektrikoaren arrazoiak, konponbideak eta erantzuleak zehazteko. "Ez dugu ez ezer ez inor errudun edo errugabetzat joko; tokatzen denean izango da horretarako denbora", aurreratu dio Sara Aagesen hirugarren presidenteordeari goi Ganberan egindako agerraldian. Ordezkari abertzalearen iritziz, "arduragabekeria litzateke" ondorioak presaka ateratzea, eta itzalaldia "bakoitzaren idealak justifikatzeko" erabili nahi duten alderdi batzuen interes ekonomikoez eta politikoez ohartarazi du.

Adituen analisiak zer ekarriko duen alde batera utzita, senatari jeltzaleak Trantsizio Ekologikoko eta Erronka Demografikoko ministroari adierazi dio oinarrizko hainbat gai jorratu behar direla, besteak beste, garraio elektrikoko sareen aldeko apustu irmoa egin eta horretarako inbertsioen erritmoa bizkortzea, hainbat aldiz eskatu dion bezala. "Oraintxe bertan 23 enpresa-proiektu ditugu Euskadin ezin ezartzeko arriskuan, hain zuzen ere ez dutelako non entxufatu, garraio-sareak behar duten potentzia eta ahalmena eman behar dielako. Gabezia horiek direla-eta, 70.000 enplegu egon daitezke arriskuan Euskadin", adierazi du Eusko Jaurlaritzaren azken datuak aipatuz.

Sistema elektrikorako oinarrizkoak diren beste gai batzuei dagokienez, Lópezek Energiaren Batzorde Nazionala sortzera premiatu du, diseinu arautzailea hobetzeko eta sektorearen erronka handi eta konplexuei berme handiagoz aurre egiteko; mugaz gaindiko interkonexioak areagotzera, bereziki Frantziarekin; hidroelektrikoetan inbertitzera, ponpaketa, bateriak eta biltegiratzea sustatuz, sorkuntza berriztagarriari babesa ematera; onura bikoitza sortzeko apustuak bikoiztera, nekazaritzari edo abeltzaintzari ere mesede egiten dion hondakin organikoen biometanizazioarekin edo
hondakinen balorizazio energetikoarekin; eta egonkortasuna eta hornidura-segurtasuna ekarriko duen energia-mixa bermatzera.

Azkenik, EAJ-PNVko senatariak energia berriztagarrien aldeko apustua berretsi du, "etorkizun energetikoa horietatik igarotzen delako", generazio garbia baita, merkeagoa, kanpoko mendekotasunik gabekoa eta ekonomikoki errentagarria. Ildo horretan, Iberiar penintsulak hauek garatzeko dituen baldintza onuragarriak gogorarazi ditu. "Oso inozoa izan behar da aukera hau ez aprobetxatzeko", adierazi du.

Ezagutu Gure Senatariak