Prentsa Aretoa
2026/02/19
Euskal Taldeak, beste indar politiko batzuekin batera, Fragaren bustoa Senatutik kentzeko eskatu du
EAJ-PNVren ustez "iraingarria da garai hartan ordena publikoko indarren arduradun nagusia zenaren irudiak leku nabarmena izaten jarraitzea Senatuko hemizikloaren sarreran"
EAJ-PNVk, beste bederatzi indar politikorekin batera —EH Bildu, Geroa Bai, ERC, Junts, BNG, Compromis, Más Madrid, Agrupación Socialista Gomera eta Eivissa i Formentera al Senat—, Goi Ganberako hemizikloaren sarrerako korridorean dagoen Manuel Fraga Iribarneren bustoa kentzeko eskaera erregistratu du gaur Senatuan.
Eskaera Memoria Demokratikoaren Legean oinarritzen da; lege horrek aitortzen du biktimek egia jakiteko duten eskubidea, eta memoria-betebehar bat ezartzen du, oinarrizko eskubideen urraketak berriz gerta ez daitezen. Esparru horretan, erregistratutako ekimenak azpimarratzen du erakunde demokratiko batek ezin duela zigorgabetasuneko sinbolorik normalizatu, ezta errepresioarekin lotutako arduradun politikoei errekonozimendu publikoa proiektatu ere.
Ekimenak 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako sarraskiarekin lotzen du eskakizun hori; izan ere, greba orokorreko hainbat egunen ondoren, Asiseko San Frantzisko eliza husterakoan bost langile hil zituen Polizia Armatuak. Fraga Iribarne ordena publikoko indarren arduraduna zen une hartan, Barne Gaietarako Gobernuko bigarren presidenteordea baitzen. Era berean, garrantzitsua da gogoraraztea 1962tik 1969ra Informazio eta Turismo ministro izan zela diktadura frankistako gobernuetan. Kasuari buruzko sumarioak artxibatu egin zituen jurisdikzio militarrak, eta, ondoren, erantzukizun zibila eskatu zitzaien arduradun polizial eta politikoei, baina ez zuten aurrera egin. Beraz, erantzukizunak argitu gabe daude oraindik.
EAJ-PNVrentzat iraingarria da. Ez da lehen aldia EAJ-PNVk Fragaren irudia Goi Ganberatik kentzeko ekimen bat babesten duela. 2023ko apirilean ere horrelako eskaera aurkeztu zen, baina Senatuko Mahaiak atzera bota zuen, PPren eta PSOEren botoekin, aldeko boto bakarra Imanol Landa EAJ-PNVko ordezkariak eman zuelarik, ministro frankistaren bustoa Memoria Historikoaren Legearekin bateraezina zela nabarmenduz. 50 urte beteko direnean langileen asanblada batean parte hartzen ari ziren bost gazteren aurkako sarraski hartatik, Euskal Talde Parlamentarioaren ustez "iraingarria da garai hartan ordena publikoko indarren arduradun nagusia zenaren irudiak leku nabarmena izaten jarraitzea Senatuko hemizikloaren sarreran". Behin eta berriz esan dutenez, presentzia hori "ulertezina da, ez baita bateragarria Memoria Historikoaren Legearekin berau onartu zen Ganberaren ondoan egotearekin".
Nabarmenak...
Senatua
2026/02/26
Senatua
2026/02/26
Senatua
2026/02/25
Senatua
2026/02/17
Senatua
2026/02/13
Berri ikusiagoak...
Senatua
2024/11/13
Senatua
2024/12/18
Senatua
2025/01/08
Senatua
2024/12/04
Senatua
2025/02/11

HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS





















