Prentsa Aretoa
2026/03/04
Estefanía Beltrán de Herediak memoria eta gardentasuna ezin direla selektiboak izan adierazi du eta 1976ko martxoaren 3ko dokumentuak desklasifikatzeko eskatu du
Poliziak erabilitako "indarkeria neurrigabea eta justifikaziorik gabea" gaitzetsi du, eta jeltzaleek Espainiako Gobernuari krimenetan Estatuak duen "erantzukizun zuzena" onartzeko eskatzen jarraituko dutela aurreratu du
Estefanía Beltrán de Heredia EAJ-PNVren Senatuko bozeramaileak 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako sarraskiaren inguruko dokumentazioa desklasifikatzea eskatu du. Senatari jeltzaleak Espainiako Gobernuak ‘Otsailaren 23ko’ dokumentuei ezarritako betoa kendu izana ekarri du gogora eta, azaldu duenez, "memoria eta gardentasuna ezin dira selektiboak izan, orduan ez baitira ez memoria, ezta gardentasuna ere: opakutasun interesatua baizik".
Beltran de Herediak gaitzetsi egin du Espainiako polizia armatuak langileen batzar batean parte hartzen ari ziren bost gazteren hilketa eragin zuen "indarkeria neurrigabea eta justifikaziorik gabea", eta galdetu du "zer arrazoi daude sarraskiari buruzko informazioa eta dokumentazioa giltzapean mantentzen jarraitzeko". Bozeramaileak nabarmendu duenez, "giltza hori biratzea Gobernuaren borondatearen araberakoa da". Era berean, Espainiako Gobernuak atzo onartutako adierazpen instituzionala deitoratu du, "esperotakoa bezain etsigarria" izan dena, eta EAJ-PNVk Espainiako Gobernuari krimenetan Estatuak duen "erantzukizun zuzena" aitortzeko eskatzen jarraituko duela aurreratu du.
Bozeramaileak EAJren mozio baten defentsan egin ditu erreklamazio horiek, PPk eta Voxek atzera bota dutena, EH Bilduren eta ERCren abstentzioarekin. Bere hitzaldian adierazi duenez, Gobernuko presidenteak biktimei egiten dien aitortza eta omenaldia "hitz hutsalak baino ez dira izango, Estatuak sarraskian duen papera eta erantzukizuna aitortzen ez den bitartean. Eta gertatutakoa argitzeko balioko duen informazioa gordetzen duen tiradera irekitzen ez den bitartean, ez da justiziarik egongo, ezta biktimentzako eta Vitoria-Gasteizko hiriarentzako erreparaziorik ere, bidegabeki eragindako kalteagatik". Beltran de Herediak nabarmendu duenez, Estatua, Konstituzioaren aurreko gobernu batekin, sarraskiaren erantzulea izan zela onartzea "ez da ulertu behar ondorengo gobernu demokratikoei egindako inputazio gisa, biktimei justizia eta erreparazioa emateko ariketa gisa baizik", eta iaz Alemaniak Gernikako bonbardaketan izan zuen erantzukizuna bere gain hartu zuen Alemaniako presidentearen adibidea aipatu du.
Ekimenak Sekretu Ofizialen Legea indargabetzea ere eskatzen zuen, EAJ-PNVk behin eta berriz esan duen bezala, adibidez, Kongresuko Mahaiak gaur egun blokeatuta duen lege-proposamenarekin. "Ez zaizkigu balio Gobernuaren aitzakiak bere gelditasunaren aurrean; izan ere, benetako interesa balego Sekretu Ofizialen Legea amaitzeko, Europako estandarretara egokituta eguneratzeko, Gobernuak bultzada politikoa emango luke desblokeatzeko eta aurrera egiteko, bai EAJ-PNVren proposamenarekin, bai lege-proiektu berri batekin. Baina ez bata ez bestea".
Nabarmenak...
Senatua
2026/03/31
Senatua
2026/03/17
Senatua
2026/03/12
Senatua
2026/03/11
BERRIA
2026/03/03
Berri ikusiagoak...
Senatua
2024/11/13
Senatua
2024/12/18
Senatua
2025/01/08
Senatua
2024/12/04
Senatua
2025/02/11

HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS






















