Prentsa Aretoa

2026/05/27

EAJ-PNVk Euskadiren parte-hartzea eskatu du Migrazioari eta Asiloari buruzko Europako Ituna Ezartzeko Plan Nazionalaren prozesu osoan

Gaur aurkeztutako mozioan, Nerea Ahedok gogorarazi du autonomia erkidegoek "ez dutela ez hitzik ez botorik izan, ezta informaziorik jaso ere", nahiz eta "haiek arduratu behar diren hartzeaz eta integratzeaz, eta beren osasun edota hezkuntza sistema, gizarte zerbitzuak, adingabeen tutoretza... prestatzeaz"

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk Euskadiren parte-hartzea eskatu du Migrazioari eta Asiloari buruzko Europako Ituna Ezartzeko Plan Nazionalaren prozesu osoan

ARGAZKIA JAITSI

Senatuko Euskal Talde Parlamentarioak Espainiako Gobernuari eskatu dio berehala antola dezala autonomia-erkidegoekin partekatutako gobernantza-esparru bat, Migrazioari eta Asiloari buruzko Europako Ituna Ezartzeko Plan Nazionala diseinatu, garatu eta gauzatzeko. "Muga-lurraldeen parte-hartze aktiboa eta zuzena bermatu behar da erabakiak hartzeko orduan", azaldu du Nerea Ahedo ekimenaren sustatzaileak gaur erregistratu duen mozioan, atzo Elma Saiz Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroari migrazio eta asilorako Europako Ituna aplikatzeko ezarpen-neurriei buruz helarazi zion interpelazioaren ondorioz.

Ekainaren 12an sartuko da indarrean aipatutako Ituna, eta oraindik argitzeke daude haren aplikazioari buruzko hainbat gai; izan ere, horrek eskatuko du mugen kudeaketari, harrera-mekanismoei, nazioarteko babes-prozedurei, jarraipen-baliabideei eta elkartasun-tresnei buruzko alderdiak mugako lurraldeen errealitatera egokitzea. "Estatu bakoitzak antolatu behar du plana nola ezarriko duen eta zer estrategia jarraituko dituen. Eta, hiru aste baino gutxiago falta direnean, ez dakigu zehazki nola egingo den", salatu du definitu beharreko alderdiak zerrendatuz, hala nola Europako araudiaren eta Estatuko esparru juridikoaren arteko ahokadura, lege-egokitzapenak, aplikazio-mekanismoak, protokoloak, triaje-erregelamenduko irizpideak, eskura izango diren baliabideak, edo zein zentro gaituko diren.

Ahedok bereziki deitoratu du autonomia erkidegoek ez dutela “ez hitzik ez botorik izan, eta ez dute inplementazio planari buruzko informaziorik jaso", nahiz eta "horiek arduratu behar diren hartzeaz eta integratzeaz; beren osasun sistema, hezkuntza sistema, gizarte zerbitzuak, adingabeen tutoretza... prestatu behar dituztenak". "Kudeaketa erabat aldebakarrekoa eta opakoa izan da. Hori bereziki kezkagarria da Kanariar Uharteetan, hegoaldeko mugan, baina baita Euskadin ere, Europa iparralderako igarobide gisa finkatu baita". Horregatik, mozioak bide instituzional finko, arin eta gardenak ezartzea eskatzen du, Estatuko Administrazio Orokorraren eta eragindako autonomia-erkidegoen artean informazioa denbora errealean trukatzeko migrazio-fluxuei, etorrera-aurreikuspenei, estatuko zentroen gaitasun operatiboari eta deribazioen plangintzari buruz, edo Ibilbide Atlantikoa eta Iparraldeko Muga berezko espezifikotasuneko migrazio-errealitate gisa modu formalean eta operatiboan aitortzeko, besteak beste.

Ezagutu Gure Senatariak