Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2013/11/20

Rut Martínez: “LOMCEk gure eskuduntzak inbaditzen ditu"

Rut Martinez Euzko Abertzaleak Senatari taldeko kideak gaur arratsaldean Goiko Ganberan egingo den bilkuran beto bat eta 69 zuzenketa aurkeztuko dizkio Jose Ignacio Wert ministroak Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko prestatu duen lege egitasmo polemikoari. “Betoa aurkezten dugu lege honek Hezkuntza alorrean gure eskuduntza autonomikoak inbaditzen dituelako, eta lege zentralizatzailea izatean, berari ez dagozkion eskuduntzak bereganatzen dituelako" esan du senatari jeltzaleak.

rss Ezagutzera eman

69 zuzenketei dagokienez Martinezek zera azpimarratu nahi izan du "batzuk eskuduntza alorrekoak dira eta Gobernuaren ardurapekoak ez diren gai batzuk kentzea eskatzen dugu. Beste zuzenketa batzuk,aldiz, eredu pedagogikoak aldatzea dute helburu, esate baterako Lanbide Heziketari dagokionez". Senatariaren ustetan "lege hau alderdi politikoen adostasunik gabe sortu da, Alderdi Popularraren onespena baino ez du eta ez du hezkuntza erkidegoaren oniritzirik jaso, lege honek beraiek aurkeztu dituzten proposamenetatik bat ere hartu ez duelako". Dena dela "lege egitasmoa garatzeko bidean oso zuzenketa gutxi sartu dira, eta kontuan hartu diren apur horiek oso garrantzi txikikoak izan dira hezkuntzaren alorrean;horrez gain zeharkakoak izan dira eta oso garrantzi politiko eskasekoak" gaineratu du.

Rut Martínezen aburuz, Euskadiko egoera "bereziki larria" da. "Ministroak eskola porrotarekin eta eskola uztearekin amaitu nahi du. Hezkuntzaren kalitatea hobetzea bilatzen du EBtik Espainiako Estatuari buruz heldu diren datuak oso txarrak izan direlako. Baina Euskadin ditugun datuak oso bestelakoak dira. OCDEren bataz bestekoaren azpitik gaude eskola porrotean eta eskola uztean; eta alderantziz, lehen tokietan gaude FP graduatutan eta unibertsitate tituludunetan. Jakina da hobetzeko aukera handia dagoela, baina hartu beharreko neurriak Euskaditik eta Euskadirako hartu behar dira, eta batez ere gure hezkuntza erkidegoarekin adostu behar dira. LOMCE legea egitasmo zentralizatzaile eta uniformizatzailea da, autonomi erkidego ezberdinen abiapuntuak oso ezberdinak direlako" .

Inbaditzen dituen eskuduntzetatik aparte Martinezentzat kezkagarria da lege honek euskararen erabilerarekin proposatzen duen araudia. "Gaztelaniaren nagusitasuna inposatu nahi dute tokian tokiko hizkuntza ofizialak bigarren mailara jaitsiz, eta horretarako hizkuntza ofizial guztien erabilera arautzea bilatzen da, baina hori Konstituzioan eta Gernikako Estatuan ezarritakoaren kontra dago”. “Gure hizkuntz politikaren helburua da ikasleek euskara eta gaztelania ondo jakitea, eta horretarako hizkuntz eredu ezberdinak ditugu; A eredua,B eredua eta D eredua. Estatuak hizkuntzak hierarkizatzea eta gaztelania lehenestea bilatzen du". Dena dela, senatariak aditzera eman duenez "datu batzuen arabera  gaztelaniaren ulermen mailari dagokionez Euskadin hizkuntza propioa ez duten beste erkidegoetan baino altuagoa da, beraz, gure hezkuntza sistemak bermatu egiten du hizkuntza bien ezagutza, bereziki gaztelaniaren kasuan. Hezkuntza sistemaren aldetik bultzada berezia behar duen hizkuntza bat badago, hori da gure hizkuntza, euskara; eta Estatuak erabat baztertu ditu hizkuntzekin dituen erantzukizunak”.

Era berean azpimarratu du legea bidegabea dela egin nahi diren ebaluazio moduengatik. "LOMCE legeak estatu mailako ebaluazio mota bi ezartzen ditu. Lehen ebaluazio hauek ikastetxeei egingo  zaizkie, eta horrek ekarriko du ikastetxeen arteko lehiakortasun publiko,zuzen eta bortitza, hau da, alde batetik egongo dira nota onak lortzen dituzten zentroak eta bestetik txarrak ateratzen dituztenak. Bigarren ebaluazioak kanpokoak izango lirateke, estatu osorako berdinak eta  ikasle bakoitzari eginikoak. Ebaluazio horiek curriculum akademikoa eta metodologia pedagogikoa baldintzatuko lukete, eta beraz, beste erakundeen eskuduntzak inbaditzen dituzte, lan hori Autonomi Erkidegoei eta ikastetxeei dagokielako".

Amaitzeko, Martinez kezkatuta agertu da lege honek Lanbide Heziketaren alorrean izan dezakeen eraginagatik. "Lanbide Heziketa  emaitza akademiko onak ez dituzten ikasleen alternatiba izatea nahi dute. DBHko bigarren mailatik bideratzen dira LHra, 80. hamarkadako LH 1 eta LH 2 eredura itzuliz. Euskadin eredu hori erabat gaindituta dago oraingo Lanbide Heziketa  euskal hezkuntza sistemaren barruan ibilbide pareko eta integratua delako;  enpresekin batera pentsatuta eta garatuta dago eta lanbide kualifikazio eta eskakizun eta enpleagarritasun maila altua eskaintzen du. LOMCE legeak eskola porrota eta eskola uztea  LHren kaltetan murriztea bilatzen du , emaitza akademiko okerrenak dituzten ikasleak baztertuz. Euskadiko Lanbide Heziketak prestigio akademikoa,ezarpen zabala eta kalitate gorena  du”.

Ezagutu Gure Senatariak