Prentsa Aretoa

2024/11/20

EAJ-PNVk salatu du PPk larrialdi eta prebentzio zerbitzuak zentralizatu nahi dituela, DANAren kudeaketa baliatuta

Estefanía Beltrán de Herediaren iritziz, Valentziako Generalitatearen gaitasunik eza estaltzeko sistema osoak huts egin duela dioen kontakizuna elikatzen ari dira Espainiako Gobernuari Estatuko antolaketa-araudi guztia berrikusteko ere eskatuz

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVk Senatuan duen bozeramaile Estefanía Beltrán de Herediak salatu du Alderdi Popularrak larrialdi eta prebentzio zerbitzuak zentralizatzeko asmoa duela, DANAren kudeaketa baliatuta. Denboralearen kudeaketari buruzko mozio baten eztabaidan, ordezkari jeltzaleak adierazi du PPk sistema osoak huts egin duela dioen kontakizuna elikatu nahi duela, Valentziako Generalitatearen ezintasuna eta gaitasunik eza estaltzeko, Espainiako Gobernuari prebentzio-planak ezartzeko eta Estatuko antolaketa-araudi osoa berrikusteko ere eskatuz. "Autonomia Estatuak ez du huts egin, Valentziako Generalitatea da huts egin duena. Eskumenak baditugu, horiek egikaritzeko erantzukizuna dugu, eta ez baditugu erabiltzen, gure gain hartzeko erantzukizuna dugu ", baieztatu du Beltran de Herediak.

Ildo beretik, PPri aurpegiratu dio Estatuko Gobernuari autonomia erkidegoen menpeko larrialdiak koordinatzeko zentroen baliabideak handitzea eskatu izana. "Aizue, hau autonomia-erkidego bakoitzaren zeregina eta betebeharra da bere eskumenak gauzatzerakoan!", gogorarazi die. Aldi berean, adierazi du "lotsa gutxi" behar dela Estatuari baliabide gehiago eskatzeko, Valentziako erkidegoan, "Voxen aginduari jarraituz, larrialdi unitatea desegin duzuenean, ‘chiringuito’ bat dela uste duzuelako, gastua gehiegizkoa delako, eta larrialdietarako partida 13 milioi eurotan murrizten duzue".

Senatari jeltzaleak agerian utzi du klima-aldaketaren erronkei heldu behar zaiela uholdeen eta beste hondamendi natural batzuen arriskuak kudeatzeko, eta adierazi du "administrazio guztiek, estatukoak, autonomikoak edo tokikoak", larrialdi-planak ebaluatu eta eguneratu behar dituztela arriskuen eta balizko kalteen ezagutza handiagoaren arabera, eta autonomia-erkidegoetako larrialdi-planak Larrialdien eta Babes Zibilaren Estatuko Plan Orokorrarekin guztiz harmonizatuta egon behar dutela. "Orain, berreraikuntzari ekin behar zaio, eta horrek maila handia eskatzen du, bai eta akordio politiko zabalak ere, zerga-plangintzari ekiteko, eta berreraikitze-prozesu luze bati erantzuteko behar diren inbertsioak eta gastuak jasoko dituzten aurrekontuei ekiteko. Espazio honetan elkartuko gara eta denok erretratatuko gara ", amaitu du.

Ezagutu Gure Senatariak