Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2015/03/24

Rut Martinezek Euskararen Legearen “asmo txarreko interpretazioa” egiten duela egotzi dio Montorori euskaraz egindako akten inguruan

Estatuko Gobernuak Euskadin duen ordezkariak EAEko eta Nafarroako Udal batzuen aurkako administrazio helegiteak aurkeztu ditu euren aktak euskara hutsez egiteagatik, horregatik senatariak erabaki hauekiko gaitzespena helarazi dio Montorori.

rss Ezagutzera eman
Rut Martinezek Euskararen Legearen “asmo txarreko interpretazioa”  egiten duela egotzi dio Montorori euskaraz egindako akten inguruan

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVren Euzko Abertzaleak Taldeko ordezkariak Euskal Autonomia Erkidegoan Estatuko Administrazioa dokumentazio ofiziala euskaraz tramitatzeko prestatuta dagoen ala ez galdetu dio Ogasun era Administrazio Publikoko buruari. “Guztira 22 helegite aurkeztu ditu euskal Udalen aurka hauen aktak jaso ez dituztela esanez, hauek euskara hutsez idatzita daudelako. Zer dago erabaki honen atzean? Delegatua eta berak ordezkatzen duen administrazioa ez daudela prestatuta hizkuntza horretan irakurri edo ulertzeko? Edo ez dutela horretarako gogorik?”, aipatu du senatariak.

Ministroak ziurtatu duenez, Euskadiko Gobernu Ordezkaritza “prestatuta dago” horretarako, “izan ere, agiriak bi hizkuntzetan bidaltzen ditu eta eskatzen duten hiritar guztiei arreta euskaraz egiten zaie”, jakinarazi du “Estatu espainiarraren nortasun ezaugarritzat” jo duen euskal hizkuntzaren balioa goraipatu aurretik. Aitzitik, gaitzetsi du badaudela, “estrategia politiko bat jarraituz, gaztelania behin eta berriro baztertzen duten erakundeak; haiek dira legea urratzen dutenak eta horregatik Ordezkaritzak bere eginbeharra betetzen du”.

Senatari jeltzaleak aurre egin dio Ogasun eta Administrazio Publikoko buruaren iritziari, “Euskararen Legearen testuaren zein izpirituaren asmo txarreko interpretazioa” egiten duela aurpegiratuz. Gaineratu duenez, “eskubide linguistikoak hiritarrei dagozkie, ez administrazioei; hauek hizkuntza ofizial bietan lan egiteko gaitasuna eduki behar dute”. Horregatik, aipatutako helegiteak “euskararen aurkako erasoak dira: alde bakarrekoak, sistematikoak eta behin eta berriro ematen direnak”. Martinezek gogoratu du, baita ere, Gernikako Estatutuaren ondorioz bi hizkuntza ofizial daudela Euskadin: euskara eta gaztelania, eta bai legeak bai jurisprudentziak parekatu egiten dituztela, bata bestearen azpian jarri barik. Beraz, amaitu duenez, “aktek balio legal eta juridiko osoa dute, berdin izanik zein hizkuntzatan idatzita dauden”.

Ezagutu Gure Senatariak