Prentsa Aretoa
2015/04/28
Bildarratzek Estatuko Gobernuaren politikak Euskadirekin gehiago aldendu duela egotzi dio Rajoyri
Gobernuari kontrola egiteko saioan Jokin Bildarratzek legegintzaldi honetan Euskadirekiko izan duen harremanari buruzko balorazioa egiteko eskatuko dio Gobernuko presidenteari eta egiteke dituen zenbait arloren inguruko gaiak gogoratu dizkio, batez ere ekonomia, bakea eta elkarbizitza, eta autogobernuari dagokionez.
EAJ-PNVren Euzko Abertzaleak Taldeko bozeramaileak Estatuko Gobernuaren politikak Euskadirekin izan duen distantzia areagotzea eragin duela egotzi dio Mariano Rajoyri. Arlo ekonomikoan, Bildarratzek “aurrekontu guztietan Euskadirekiko erakutsi duen interes eza eta hango inbertsioekiko konpromiso eza”, aurpegiratu dio. Adibide moduan, Abiadura Handiko Trena aipatu du, duela hiru hilabete 2019an amaituko zutela agindu zutena baina dagoeneko beste hiru urtez atzeratuko dela iragarri dutena. Bozeramaile jeltzaleak Exekutiboaren jarrera zentralizatzailea gaitzetsi du, “Euskal Herriko enpresa eta lehen sektorearen berezitasunak kontuan hartzen ez dituena”. Industriarekiko konpromiso falta adierazten duten beste egoera batzuk ere aipatu ditu Bildarratzek: finantzazio neurrien gabezia, Ikerkuntza eta Garapena sustatzeko ekimenen gabezia, edo energiarekin lotutako neurrien gabezia. “Energiak duen kosteetan erakutsi duzun malgutasun ezaren eraginez nire herrialdeko eta zure herrialdeko enpresak lehiakortasuna galtzen ari dira”.
Bestalde, Bakea eta Elkarbizitzaren inguruan, “egoerak eskatzen zuen mailarekin jokatu ez izana” leporatu dio Bildarratzek Rajoyri. ETA erakundeak su-etena duela hiru urte eta erdi iragarri zuen arren, egoera berriaren aurrean, Rajoyk “ateak zabaldu beharrean, itxi egin ditu”, senatariaren iritziz. Adibide moduan, ETAk behin betiko, egiaztatzeko moduan, planifikatuta eta modu ordenatuan armak entregatzeko prozesua errazteko eskaera praktikoak edota egoera berrian egokia izango litzatekeen espetxe politika aipatu ditu. “Ez zara gauza izan Euskadin bizi den garai politiko berria ulertzeko. Aro demokratiko guztian presidente bakar batek ere ez du izan legegintzaldi oso bat bakea sendotu eta elkarbizitza politiko berria errazteko. Etsigarria da ikustea nola ezer egin gabe geratu zaren nahiz eta nire herrialdean eta zurean hainbat hamarkadatan amestu dugun egoera bat eman den”, gehitu du.
Autogobernuari dagokionez, Gernikako Estatutua ez da orain ere bete, ezta 2011n aurreratutako gaietan ere. “Egiteke zegoen guztiak egiteke jarraitzen du: autopisten emakidak, FOGASA, tren azpiegitura eta zerbitzuak, aireportu eta portuak... Jakina, ezta gizarte segurantzaren erregimen ekonomikoa edota espetxeak ere”, zerrendatu ditu Bildarratzek. Azken bi urteotan Eusko Jaurlaritzak konstituzioaren kontrakoak diren erabakien kontrako 13 helegite, eskuduntzen inguruko lau gatazka positibo eta eskuduntza ondorioak dituen administrazioarekiko auzi-prozesu jurisdikzioko lau gatazka aurkeztu behar izan dituela gogoratu ostean, bozeramaile jeltzalearen esanetan “etsigarria da legea betetzen ez duzula ikustea, hartutako konpromiso instituzionalak betetzen ez dituzula ikustea eta, batez ere, birzentralizatzeko interesarekin baino ez zarela mugitzen ikustea; adibidez, hezkuntza, osasun edota merkataritza arloan”.
Nabarmenak...
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/19
Senatua
2024/11/19
Berri ikusiagoak...
Bizkaia
2023/07/02
Senatua
2023/11/21
Senatua
2023/10/03
Senatua
2023/11/08
Senatua
2023/04/19