Prentsa Aretoa

2017/05/21

Bildarratzek Memoria Historikoaren Legearen betetze maila aztertzeko hiru agerraldi eskatu ditu Justizia Batzordean

EAJko bozeramaileak proposatutakoak 2007an Gorte Orokorrek onartu zuten legean adituak dira, bereziki Eroritakoen Haranaren inguruan.

rss Ezagutzera eman
Bildarratzek Memoria Historikoaren Legearen betetze maila aztertzeko hiru agerraldi eskatu ditu Justizia Batzordean

ARGAZKIA JAITSI

Jokin Bildarratzek Silvia Navarro, Francisco Ferrandiz eta Eduardo Ranz adituen agerraldia eskatu du Senatuko Justizia Batzordean. Silvia Navarro Eroritakoen Haranetik Errepublikarrak Lurpetik Ateratzearen Aldeko Elkarteko presidentea da eta berak Guda Zibil eta Diktadurako biktimak lurpetik ateratzerako prozesuetan familiartekoek bizi izaten dituzten egoerak azalduko lituzke. Horrelakoetan gorpuak identifikatzeko prozeduraz Francisco Ferrandiz jardungo da, ‘Las políticas de la Memoria’ delakoaren ikertzaile nagusia den antropologoa eta, azkenik, memoria historikoan aditua den Eduardo Ranz Estatu espainiarrak Memori Historikoaren Legearen betetze maila aztertuko luke.

Hain zuzen ere, 52/2007 Lege honen aurrean Estatuko Gobernuak aurrerapausorik ez ematearen arrazoia jakitea da Bildarratzek Justizia Batzordeari idatziz erantzun diezaion aurkeztu duen galderetako bat. Senatariak, aipatutako Legearen harira, hilobiak identifikatzeaz aparte bestelako ekintzarik egiteko asmorik duen ere galdetu dio Madrilgo Exekutiboari. Bozeramaileak hilobi komun batetik gorpu bat atera eta hura nor den jakiteak zer kostu duen ere galdetu du.

Eroritakoen Haranaren inguruan, Bildarratzek Abadía Benedictina de la Santa Cruz delakoarekin itun berririk egiteko asmorik duen galdetu du berriz ere, 1958ko maiatzaren 29an sinatu zuenez honi dagokiolako “Gurutzada Nazionalean hildakoen arimen alde Jaungoikoari erregutzea, Jaungoikoak Espainiarentzat egiten dituen bedeinkapenak interpretatzea eta kristau justizia sozialean oinarrituta gizakien artean bakea eta ezagutzaren alde lan egitea”.

Basilikaren sakristiaren atearen gainean dagoen ‘Caídos por Dios y por España, 1936-1939’ dioen testua ere galdetzeko arrazoia iruditu zaio Bildarratzi, eta Gobernuari galdetu dio ea hauek “alde bakarreko memoria edo ideia horien aurka borrokatzeagatik erail zituztenen duintasunaren aurka” doazela ez duen uste. Beste iritzi bat ere eskatu dio Gobernuari, hain zuzen ere, Franco diktadoreak eta Jose Antonio Primo de Riverak, 1936ko kolpea eragin zuen alderdiaren sortzaileak, tenpluan “etengabeko aitortza” izatearen inguruan.

Azken bost urteotan Eroritakoen Haranean egin diren lanak eta hauen kostuak zeintzuk izan diren galdetzeaz gain, Bildarratzek Lapeña anaien gorpuzkiak bertatik ateratzeko baimena ematen zuen El Escorialeko bigarren epaitegiaren autoaren betetze maila ere jakin nahi du.

Ezagutu Gure Senatariak