Prentsa Aretoa

2017/09/12

Legearen helburua Giza Eskubideen urraketen biktimak aitortu eta erreparatzea izan behar duela gogoratu dio Bildarratzek Rajoyri

EAJko senatariak ez dio azalpenik aurkitzen Estatuko Gobernuak biktimak babesik gabe utzi izanari Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 artean indarkeria politikoaren testuinguruan Giza Eskubideen Urraketen Biktimen Aitorpen eta Erreparaziorako Legeari errekurtsoa jarriz.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Jokin Bildarratzek Gobernuko Presidenteari gogoratu dionez, Estatuko Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean errekurritu duen legean “benetako garrantzia” izan behar duena, “giza eskubideen urraketen biktimak aitorpen eta erreparazioa dira”. Gobernuaren Kontrol saioan luzatu duen galderan, EAJko senatariak Estatuko Exekutiboak “jatorri politikoa duen biolentziaren biktimak babesik gabe nola uzten dituen” ez duela ulertzen jakinarazi dio Mariano Rajoyri, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 artean indarkeria politikoaren testuinguruan Giza Eskubideen Urraketen Biktimen Aitorpen eta Erreparaziorako Legeari errekurtsoa jarriz.

Bildarratzek zuzendu egin du Rajoy, Giza Eskubideen urraketen biktimak aitortzeko prozesua gauzatzeko “zigor arloko prozesurik behar ez” dela azpimarratuz, “nahikoa dela administrazio prozesua”. Horrela erantzun du senatariak presidenteak behin eta berriz aipatu duelako “kode penalean delitu moduan jasotzen diren ekintzen ikerketa jurisdikzio funtzioa delako”, hain zuzen ere euskal Legeak Balorazio Batzordeari onartzen dion funtzioa eta Legea bere osotasunean errekurritzeko argudio moduan erabili dena.

Argudio honi helduta, senatari jeltzaleak nabarmendu du Legeak, hain zuzen ere, jurisdikzio eremu hori indartu egiten duela. “14.5 Artikuluak jasotzen du Balorazio Batzordeak epaitegi auziren bat zabalik dagoela jakiten duenean, espedientea ebatzi behar duen organoak prozeduraren tramitazioa bertan behera utziko du auzibidea agortu arte”, gogoratu du.

Bildarratzek beste behin ere zuzendu du Presidentea, errekurtsoa “artikulu batzuen kontra baino ez” dela jarri oker esan duenean, eta biktimei lehentasuna eman behar zaiela jasotzen duten zenbait lege ere aipatu ditu, hala nola: Nazio Batuetako 60/147 ebazpena, biktima aitortu behar dela esaten duena, egilea identifikatu, atxilotu, epaitu edo kondenatua izan den zein ez; biktimen kalte-ordainketarako Europako Itunaren 2. Artikulua, egilea pertsegitu edo zigortu ezin bada ere erreparazioa eman behar dela esaten duena; edota biktimentzako nazioarteko itun eta akordioak, administrazio prozesua auzitegi epai baten beharrik gabe egin ahal dela esaten duena.

Senatari tolosarrak bere herriko biztanle baten kasua eraman du Goi Ganberara, hain zuzen ere, 1982an errepide bazterrean bere autoan geldi zegoenean funtzionario batek egindako tiro batekin hil zen Marcelo Garciandiarena. “Familia hau ezingo da inoiz biktima moduan kontuan hartua izan? Eskumena zuona bada, sufritu dutenak biktima moduan kontuan har daitezen lor ezazue”, exijitu du.

Ezagutu Gure Senatariak