Prentsa Aretoa

2017/11/02

Cazalisek PPk itsasoko langileei erretirorako adina murrizteko koefizientea onartzeko izapidetza hasteari ezezkoa eman izana salatu du

EAJko senataria nahigabetuta agertu da Itsasoko Gizarte Institutuak neurri hau aplikatzeari behin eta berriz ezezkoa ematen diolako gainontzeko sektoreei ezartzen zaienean.

rss Ezagutzera eman
Cazalisek PPk itsasoko langileei erretirorako adina murrizteko koefizientea onartzeko izapidetza hasteari ezezkoa eman izana salatu du

ARGAZKIA JAITSI

Jose Maria Cazalisek Alderdi Popularrak saregile, neskatila eta paketatzaileei erretirorako adina murrizteko koefizientea onartzeko prozesua irekitzeko izapidetza ere onartu ez izana salatu du. Popularren botoekin, EAJko senatariak Lan eta Gizarte Segurantza Batzordean aurkeztu duen ekimena bertan behera geratu da, hain zuzen ere, Senatuak Estatuko Gobernuari Toledoko Itunean helburu horrekin ezarritako prozedurari lehenbailehen hasiera eman diezaiola eskatzeko aurkeztu duen mozioa.

Arrantza arloko jeltzaleen bozeramailea nahigabetuta agertu da Itsasoko Gizarte Institutuak gehien bat emakumezkoek osatzen duten sektore honi koefiziente hau aplikatzeari behin eta berriz ezezkoa ematen diolako, itsas-arrantzako gainontzeko guztiei ezartzen zaienean. “Euren lana hain nekeza izan arren ez zaizkie oinarrizko onura hauek onartzen; ordea, bai egiten da hobeto ordainduta daudenetan edo haien oso antzekoak direnetan: marisko, lanperna edota alga biltzaileei, portuko zamaketariei edota ontzietan doazen langileei”, gogoratu du.

PPk kontrako botoa ematerakoan posizio aldaketa argia egin du 2015ean Goi Ganberan agertu zuen aldeko jokabidearekiko, nahiz eta euren alderdikideek zapuztu egin zuten Kongresuan Senatuan aho batez onartutako akordioa.  Horregatik, Cazalisek dei egin die popularrei “Galizia eta Euskadiko saregileei azal diezaietela zergatik baztertzen dituzten behin eta berriz, nahiz eta administrazioak jartzen dizkien baldintza guztiak betetzeko esfortzua egiten duten”.

Aitzitik, senatari jeltzaleak, Batzordeko gainontzeko kideen sentiberatasuna eta aldeko botoa goraipatu eta eskertu ditu. Izan ere, PP bakar bakarrik geratu da saregile, neskatila eta paketatzaileen kolektiboak itsas sektoreko gainontzeko langileek dituzten eskubide berberak izan ditzan saihesteko bozketan.

Ezagutu Gure Senatariak