Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2022/02/15

Garapenerako Lankidetzari buruzko Legean autonomia erkidegoen eskumenak “bahitzea” leporatu dio Imanol Landak Espainiako Gobernuari

"Zentralista, interbentzionista eta kontrol-grina” duen aurreproiektuarekin topo egitea penagarria dela jakinarazi dio Kanpo Gaietarako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroari.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVko Imanol Landa senatariak autonomia erkidegoen eskumenak bahitzen dituela aurpegiratu dio Espainiako Gobernuari, Ministroen Kontseiluak onartutako Garapen Iraunkorrerako eta Elkartasun Globalerako Lankidetzaren Lege Aurreproiektuaren edukia ikusita. Senatuko gaurko kontrol saioan, Landak Kanpo Gaietarako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroari kritikatu dio Gobernu zentralak nazioarteko harremanen kontzeptuaren interpretazio zabala “aitzakiatzat” erabiltzen duela, Konstituzioak Estatuari esklusiboki esleitzen dion eskuduntza izanik, autonomia-erkidegoei eta tokiko erakundeei Estatuaren Kanpo Ekintza Unitatearen jarraibideak betearazteko.

"Ez da kasualitatea testu honek Konstituzioaren 149.1.3 artikuluari dei egitea berau onartzeko titulu legitimatzaile gisa", aurpegiratu dio Landak Jose Manuel Albares ministroari. “Autonomia-erkidegoen jarduera oro, kanpoan gauzatzeagatik, automatikoki nazioarteko harreman bihurtuko balitz bezala da, eta, beraz, Estatuaren eskumen esklusibo. Eta hori ez da horrela”, baieztatu du.

Landak positiboki baloratu ditu testuan jasotako neurri batzuk, hala nola errenta nazional gordinaren %0,7 Garapenerako Laguntza Ofizialera bideratzeko konpromisoa ezartzea, nahiz eta agerian utzi duen “hori, gure kasuan, Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari dagokie, beren aurrekontuen bitartez”. Ildo beretik, aurreproiektuak estatu azpiko lankidetzara hedatzea planteatzen duen ebaluazio- eta kontrol-sistemak eskumen-arkitektura urratzen dituela esan du.

Senatari jeltzaleak penagarritzat jo du “aurreproiektu zentralista, interbentzionista eta haren gaineko kontrol-grinarekin topo egitea. "Lehen mailako akats politikoa iruditzen zaigu Gobernu honek EAJ-PNVren babesa izan nahi badu lege hau aurrera ateratzeko", ohartarazi du. Horregatik, “elkarlana eta koordinazioa” eskatu ditu, “elkarrizketaren eta akordioaren bidez, lankidetzaren nazioarteko esparru berriarekin lerrokatzearen alde, eskumenak inbaditu gabe, esku hartu gabe eta tutoretzapean egon behar gabe; estatuz azpikoen lankidetzan bezala, duela denbora asko adinez nagusi denean. Horretarako, hainbat proposamen egin behar dira, hala nola lankidetza eskuordetua autonomia-erkidegoetara eta toki-erakundeetara hedatzea, nazioarteko foroetan parte hartzea eta jarduera desburokratizatzea, besteak beste”.

 

Next Euskadi