Prentsa Aretoa
2022/06/07
Delitu larriengatik kondenatuak izan ez diren GALen eta eskuin muturreko taldeen ekintzen ondoriozko biktimak terrorismoaren biktimatzat aitortzeko eskatu dio EAJ-PNVk Pedro Sanchezi
Estefanía Beltrán de Herediak ohartarazi du Espainiako Gobernuak biktimentzako kalte-ordainen Europako Hitzarmenari buruz egiten duen interpretazioak urratu egiten dituela legezkotasun-printzipioa, errugabetasun-presuntzioa eta babes judizial eraginkorrerako eskubide konstituzionala.
Euskal Talde Parlamentarioko Senatuko bozeramaile den Estefanía Beltrán de Herediak GALek, Batallón Vasco-Españolek eta eskuin muturreko taldeek eragindako biktimei aitorpena eta kalte-ordaina ukatzeko irizpidea zuzentzeko eskatu dio Gobernuko presidenteari, hauek delitu larrietan parte hartzeagatik judizialki kondenatu ez diren kasuetan. Gaur arratsaldeko kontrol-saioan, Beltran de Herediak Pedro Sánchez presidenteari ohartarazi dio printzipio hori jarraitzeak, administrazio-prozedura bidez delitua egon dela eta penalki erantzule diren pertsonak zehaztuz, “legezkotasun-printzipioa, errugabetasun-presuntzioa eta benetako babes judizialerako eskubide konstituzionala urratzea dakarrela, defentsa-gabezia eraginez”.
Beltran de Herediak azpimarratu duenez, Espainiako Gobernuak kalte-ordainen ukapenen oinarri den Europako Hitzarmenari buruz egiten duen interpretazioa “hedagarria eta arbitrarioa” da, “pertsonak erruduntzat jotzen baitira prozedura judizialik egon gabe, kondena-epairik gabe, eta hori oso larria iruditzen zaigu”. Zehaztu duenez, “nahikoa fidagarritasunik gabeko zantzu-frogetan oinarritzen da, batzuetan atxiloketa soiletan edo polizia-txostenetan oinarrituta, eta kasu batzuetan lerro bat baino gehiago ez dute”.
Epaitzeko aukerarik gabe erruduntzat jotzeak, gainera, kalte morala eragiten die familiei, “defentsa-gabeziarik erabatekoenean baitaude”, urteetako ibilbide judizialera behartuta baitaude, eta, azkenean, errekurtsoak ezetsi eta kostuen zenbateko handiak ordaindu behar izaten dituzte; “badirudi familiak gehiago zigortu nahi direla”. EAJ-PNVko bozeramaileak agerian utzi du biktimen artean ematen ari den tratu-ezberdintasuna, “biktimarioaren arabera kategorizatuz eta bereiziz”, eta egoera bidegabe horiek “iraultzeko eta zuzentzeko” eskatu dio Gobernuko presidenteari. “Duela lau urtetik hona, erantzukizuna eta gaitasuna zuen esku daude”.
Hala eta guztiz ere, Sanchez presidenteak adierazi du Espainiako Gobernuak egiten duen interpretazioa bat datorrela zuzenbidearekin eta terrorismoaren biktimen aitorpen eta babes integralari buruzko legean ezarritakoarekin, eta, Espainiako eta Europako auzitegiek auzibidean berretsita, Espainiako Gobernuak ezin duela berrikusi.
Nabarmenak...
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/19
Senatua
2024/11/19
Berri ikusiagoak...
Bizkaia
2023/07/02
Senatua
2023/11/21
Senatua
2023/10/03
Senatua
2023/11/08
Senatua
2023/04/19