Prentsa Aretoa
2022/06/08
EAJ-PNVk Pegasusi buruzko Ikerketa Batzordea irekitzeko eskaera berretsi du
Luke Uribe-Etxebarria senatariak galdetu du “zergatik ez da posible Europako Parlamentuan egin daitekeena Espainiako Gorteetan egitea”.
EAJ-PNVk Pegasus sistema erabiliz hainbat ordezkari politiko eta instituzionalen espioitzari buruzko Ikerketa Batzordea irekitzeko eskaera berretsi du gaur Senatuan. CNIri buruzko mozio baten eztabaidan, Luke Uribe-Etxebarriak adierazi du “gertakari oso larri horien aurrean ezin dela jarrera lotsatirik edo ihesbiderik izan, ezta erlatibizatu edo garrantzia kendu edo justifikatu ere, gutxieneko askatasun-estandarrak dituen demokraziaz ari bagara”. Zentzu horretan, senatari jeltzaleak kritikatu egin du oinarrizko eskubideak urratzeko “Estatuaren arrazoia” edo “ordena konstituzionala” bezalako kontzeptu mugagabeak erabiltzea, eta adierazi du beharrezkoa dela “biktimak politika egiteagatik zelatatuak izan diren politikariak izan direla azpimarratzea. Ez dira terroristak, ez gaizkileak, ez kriminalak. Eta are gutxiago erabili zituzten indarkeriazko bitartekoak, prozedura politiko hutsak baizik”, azpimarratu duenez.
Defentsa Batzordeko bozeramaile jeltzalea eszeptiko agertu da CNIren aurretiazko kontrol judizialari buruzko Lege Organikoaren eta Sekretu Ofizialen Lege frankistaren berrikuspenen inguruan, Gobernuko presidenteak iragarritakoak, eta gaineratu du horrek, nolanahi ere, ez duela baztertzen gertatutakoa argitzeko beharra. “Komenigarria litzateke dokumentu jakin batzuk desklasifikatzea, Gobernuak egin dezakeen zerbait baita, epaile batek eskatu beharrik gabe, eta ikerketa-batzorde bat antolatzea”.
Ildo horretan, Uribe-Etxebarriak deitoratu egin du PSOE, PP, Vox eta Ciudadanos batzorde hori sortzearen aurka agertzea, are gehiago Europako Parlamentuak hori egitea onartu duenean. “Zergatik ez da posible Europako Parlamentuan egin daitekeena Espainiako Gorteetan egitea”, galdetu du senatari jeltzaleak, eta “oso larritzat” jo du entzuketak, “demokratikoa izan behar duen edozein sistema politikoren bihotzari zuzenean erasotzea”. Hori dela eta, nabarmendu du “oinarrizko eskubideen urraketa horren aurrean gardentasuna, azalpenak, erantzukizunak hartzea eta neurri egokiak eskatu behar direla berriro gertatuko ez direla ziurtatzeko”.
Hala, senatari jeltzaleak azpimarratu du erantzun beharreko galdera asko daudela: "Noiztik du Espainiako Estatuak Pegasus espioitza sistema? Nork eman zuen politikariak eta erakundeetako arduradunak zelatatzeko agindua? Espioitza horien emaitzak eta prozedurak CNIk Gobernuaren esku jartzen dituen aldizkako txostenetan daude? Onargarria al da espioitzak baimentzen dituen epailea bakarra izatea eta baimen hori formala eta ez funtsezkoa izatea, ezta jarduketa operatiboen gaineko kontrolik izatea ere? Nork zelatatu ditu, CNIk zelatatutako 18 pertsonez gain, baliabide egiaztatuak eta kaudimendunak dituzten gainerako 47 pertsonak? Nork zelatatu ditu Gobernuko presidentearen eta Defentsa ministroaren telefonoak, eta zer eduki atera da? Maroko? Zergatik pasatzen da Gobernua hanka puntetan Kanpo Arazoetako ministro ohiak 2021eko udaberrian jasan zuen espioitzari buruz?”.
Nabarmenak...
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/19
Senatua
2024/11/19
Berri ikusiagoak...
Bizkaia
2023/07/02
Senatua
2023/11/21
Senatua
2023/10/03
Senatua
2023/11/08
Senatua
2023/04/19