Prentsa Aretoa

2022/07/01

Demokraziek desinformazioaren eta zibererasoen aurkako estrategia bat behar dutela nabarmendu du EAJ-PNVk

Luke Uribe-Etxebarriak ELGAren Sare Parlamentario Globalean adierazi duenez, “adimen artifizialaren eta Big Dataren abangoardian ez daudenak ezinbestean beste potentzia batzuen menpeko bihurtuko dira, eta horiek kontrolatuko dituzte”

rss Ezagutzera eman
Demokraziek desinformazioaren eta zibererasoen aurkako estrategia bat behar dutela nabarmendu du EAJ-PNVk

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVko Luke Uribe-Etxebarria senatariak sistema demokratikoetan politika, enpresak eta herritarrak estrategia argi eta kolektibo batez hornitzeko beharra azpimarratu du, herrialde ez-demokratikoen autoritarismo digitalari eta zibererasoei aurre egiteko. Senatari jeltzaleak atzo eta gaur Rigan (Letonia) egin den ELGAren Sare Parlamentario Globalaren bileran azaldu du iritzi hori. Bilera horretan, 29 herrialdetako parlamentariak ‘COVID osteko munduko etorkizuneko eraikuntza digital seguru eta inklusiboaz’ aritu dira.

Zibersegurtasunari buruzko panelean egindako hitzaldian, EAJ-PNVko ordezkariak nabarmendu du “XXI. mendean boterea ez dutela armategi nuklearrek zehaztuko, baizik eta digitalizazioan oinarritutako gaitasun teknologikoen espektro zabalago batek”. Uribe-Etxebarriak gaineratu duenez, ”adimen artifizialaren (IA) eta Big Dataren abangoardian ez daudenak beste potentzia batzuen menpeko bihurtuko dira ezinbestean, eta horiek kontrolatuko dituzte”. Ildo horretan, “datuek eta subiranotasun teknologikoak mende honetako boterearen eta aberastasunaren banaketa globala zehaztuko dutela” ziurtatu du. “Eta gizarte irekietan, Euskadi bezala, faktore berberek erabakiko dute demokraziaren etorkizuna. Europak IA, Big Data eta horiekin lotutako teknologiak menperatzeak zehaztuko du XXI. mendean izango duen lehiakortasun orokorra, eta etorkizuna oparotasunezkoa edo gainbeherakoa izango den”.

Era berean, desinformazioari dagokionez, Uribe-Etxebarriak nabarmendu duenez “informazioa boterea da, baina desinformazioa ere bai; izan ere, gudu-arma handia da, ez da kaltegabea, eta Estatuek %90ean erabiltzen dute, gizarte ireki eta demokratikoen aurka”. Senatariak adierazi duenez, “askotan desinformazioak irabazi-asmoa du, baina, batez ere, helburu ideologikoa, munduko esparru orokorren eta haien inguruabarren ikuspegia manipulatu eta aldatu nahi duelako, kidetasunak eta desegonkortze-egoerak sortzen saiatuz”.

Ezagutu Gure Senatariak