Prentsa Aretoa

2022/10/04

Etxeko langileen lan-baldintzak benetan parekatzeko urratsak ematen jarraitzeko eskatu dio EAJ-PNVk Espainiako Gobernuari

Nerea Ahedok Lan ministroari adierazi dio joan den astean berretsitako Errege Dekretuarekin aukera bat galdu dela, anbizio handiagokoa izan behar zuela

rss Ezagutzera eman
Etxeko langileen lan-baldintzak benetan parekatzeko urratsak ematen jarraitzeko eskatu dio EAJ-PNVk Espainiako Gobernuari

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVko Nerea Ahedo senatariak Espainiako Gobernuari eskatu dio etxeko langileen lan-baldintzak eta Gizarte Segurantzakoak parekatzeko bidean urratsak ematen jarrai dezala. Aurreko astean Kongresuan berretsitako Errege Dekretuak ekarriko dituen hobekuntzak baloratu arren, ordezkari jeltzaleak deitoratu du “parekatzea ez dela benetakoa eta oraindik asko geratzen dela”, eta “aukera bat galdu” dela gai askori heldu gabe utzita. “Anbiziotsuagoa izan zitekeen eta baldintzak parekatzeko helburuaren alde benetan lan egin”.

Horrela, Yolanda Díaz bigarren presidenteorde eta Lan ministroaren aurrean egindako hitzaldian, ordezkari jeltzaleak gogorarazi dio kolektibo horrek, nagusiki feminizatua dagoenak, Gizarte Segurantzaren erregimen berezi batean jarraitzen duela, eta, beraz, ahalik eta epe laburrenean Gizarte Segurantzaren araubide orokorrarekin parekatzea eskatu du, horrek “diskriminazio horrekin amaitzea ekarriko luke”.

Bestalde, kaleratzearen kausalizazioa positiboki baloratu ondoren, kalte-ordainak oraindik gainerako langileenak baino txikiagoak direla nabarmendu du. "Kaleratzeak merkea izaten jarraitzen du, nahiz eta motiboa jakinarazi", adierazi du, eta, beraz, besteren konturako gainerako langileen kaleratzeekin parekatzea eskatu du. Hala, gaineratu du enplegu-emailea hiltzen denean kalte-ordaina hilabete bakarrera mugatzen dela, lan egindako denbora edozein izan dela ere, eta enplegu-emaileak bere burua kaudimengabetzat jotzen badu, Fogasak ez duela zenbateko bera estaltzen.

Galdutako aukeren artean, Ahedok adierazi du ez dela baliatu barnekoen gaua igarotzeko erregimena arautzeko, eta deitoratu egin du etxeko langileek 2023ko urrira arte langabezia-prestazioa jaso ezin izatea; horregatik, langabezia-prestazioa aurreko kotizazio-aldiak zenbatuta ordaintzea eskatu du, nahiz eta kontzeptu horrengatik ez izan.

Azkenik, azaleratu du emakume langile horietako asko emakume migratzaileak direla, kasu askotan egoera irregularrean daudenak, eta “horrek kalteberatasun-maila askoz handiagoa ematen die”; horregatik, atzerritarrei buruzko legedian aldaketak egiten jarraitzea eskatu du. “Ez da jorratu etxeko lanetan eta zaintza lanetan jarduten diren migratzaileen egoera”, deitoratu du.

Ezagutu Gure Senatariak